Iruñeko Zinema Jaialdia Altsasuraino etorri da

Guaixe 2008ko urriaren 10a

Zinemaren bidez gazteen artean izpiritu kritikoa eta hausnarketa garatu nahi ditu Iruñeko zinema jaialdiak, baita beste errealitate eta arazoak gerturatu, haien inguruak sentsibilizatzeko. Horregatik Educactif sailaren proiekzioak gai jakin bat tratatzen dute. Zinema emanaldiak Iruñetik kanpo Nafarroako hainbat herrietan ere izan dira, tartean Altsasun. Aralarko Mikel Donea institutuko eta Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako DBHko bigarren zikloko eta batxilergoko ikasleek ikusi ahal izan dituzte Educactif saileko filmak Altsasuko Iortia kultur gunean. Filmak ikusi aurretik jaialdiko antolakuntzak ikastetxeei zintari buruzko informazioa eman diete, klasean landu eta filmaren ikuskatzea aberatsago izan dadin. Iortia kultur gunean filmak ikusi eta gero eztabaida saioak planteatu dira. Ikasleekin batera filmeko gaiarekin zerikusia duen pertsonak izan dira Iortiako eztabaidetan.AltsasuEducactif saileko 4 saio hartu ditu Iortia kultur guneak. Aurrenekoa astelehen eguerdian izan zen. Bullying edo ikasleen arteko jazarpenari buruzko filmak ikusteko aukera izan zuten ikasleek. Hainbat kasu ezagutzeko aukera izan zuten, baita biktimen, guraso, irakasle eta psikologoen eta konponbide posibleei buruzko iritziak entzun ere. Eztabaidan horien inguruan aritu ziren. Asteazken goizean immigrazioa eta integrazioa gaiak ukitzen dituzten 4 film labur pantailaratu zituzten. Haien bitartez gazteek immigrazioaren aurrean duten jarreraren inguruan eztabaida sortu nahi zen. Komunikabideek zabaltzen dituzten estereotipoen inguruan ere aritu ziren. Atzokoan gazteak eta drogak gaiei buruzko 3 film labur ikusi zituzten ikasleek. Droga kontsumoari buruzko ikuspuntu ezberdinak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, "dibertsio sinplearekin" hasi, ekonomia helburuarekin segi eta dependentzia aktiboraino. Droga kontsumoaren kausa eta ondorioez eztabaidatu zuten besteak beste. Gaur, Educactifen Altsasuko emanaldiak despeditzeko, familia erlazioei buruzko 4 film labur proiektatuko dituzte Iortia kultur gunean, 10:00etan. Egungo gizarteak sortu dituen familia erlazio berrien inguruko ikuspuntuak eman eta gazteak haietara nola egokitzen diren azalduko dute filmeek. Egoera berri horietara moldatzeko gazteek lantzen dituzten trebezien inguruan eztabaida sortzeko bidea emanen du pantailan ikusitakoak. Urko Mauduiten lana Alternatif saileanIruñeko Zinema Jaialdiak film laburren lehiaketa hartzen du bere baitan. Alternatif izena du sail horrek eta "balio berriei babesa" ematea du helburu. Lehiaketara aurkeztu diren film laburren artean Urko Mauduitek eta Joseba Salaberrik sortutako Bic lana dago. Animazio film hori gaur, 20:00etan, proiektatuko dute Iruñeko Saide Carlos III.a zineman. Urko Mauduit irurtzundarrak eta Joseba Salaberrik iaz sortu zuten Bic izeneko ordenagailu bitarteko 3 dimentsioko film laburra. Musika Jorge Cordon irurtzundarrak egin du. Ez dauka hizkuntzarik, musika eta irudiak dira. Sinopsia: Bic boligrafoen armada batean boligrafo intsumitu bat dago... Bic boligrafoetan oinarritutako istorioa da. Pink Floyd taldeak sortutako The Wall bideoan oinarritu dira. Bideoan mailu hitleriarrak azaltzen ziren, eta eurek Bic boligrafoen armada sortu dute.