Sakana bizikletaz ezagutzeko aukera paregabea

Guaixe 2008ko urriaren 10a

Igandean, lastailaren 12an, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Burunda Txirrinduri Taldearekin eta Aralar Txirrindulari Taldearekin antolatutako Sakanako XV. Txirrindula Eguna izanen da. Txirrindulari zaleendako urteko zita inportanteena denak "Sakana bizikletaz ezagutzen" leloa dauka, eta goizeko 9:00etan abiatuko da Ziorditik. Sakanako herri guztietan sartu eta gero, Irurtzunen despedituko da, 46 kilometro inguru bete ostean. Ohikoa denez, txirrindulariek Lakuntzan egingo dute geldialdia. Asteazkenean aurkeztu zuten ibilbidea, Sakanako Mankomunitatean, Ruben Goñi Mankomunitateko Kirol Batzordeko lehendakariak eta Nerea Martinez kirol teknikariak. Txirrindula ibilbidea baino gehiagoUrtetik urtera errotuago dago Txirrindula Eguna. Txirrindularitzarako dagoen afizioagatik sortu zen ekimena. "Sakanako txirrindulari profesionalak - Arrieta, Egoi Martinez, Verdugo, Azanza, Urtasun... Burunda eta Aralar taldeetan hasi ziren eta hara nora heldu diren. Afizio hori zegoela aprobetxatuta hasi zen eguna, duela 15 urte" azaldu zuen Nerea Martinezek. Iaz 500 pertsona inguru izan ziren parte hartzera animatu zirenak, eta aurten ere 400-500 espero dira. "Ikastetxeetan diptikoak banatu dira eta jende askok eman du izena" gaineratu zuen Martinezek. Ibilaldi ez lehiakorra da, eta asmo nagusia goiza polita pasatzea da, txirrindulaz eta Sakanako udazkeneko paraje ederrez gozatuz. Ibilbidea suabea da, desnibel gutxirekin, 46 km ingurukoa, familian egiteko aproposa. Horrekin batera Sakanako herrietako, kale, bide zaharrak, zubiak, ermitak, basoak... ezagutzeko parada ematen du egunak, eta aukera paregabea da belaunaldi ezberdinen arteko erlazioa bulkatu eta herri ezberdinetako sakandarren arteko harremana sustatzeko. Baina sakandarrez gain, antolatzaileek Sakanaz kanpoko beste txirrindulariei luzatu nahi diete parte hartzeko gonbitea. Kaskoa eramatea derrigorrezkoaTxirrindula egunean 10 urtetik gorakoek har dezakete parte, eta ibilaldi ez lehiakorra da. Ezaugarri horiek kontuan hartuta proba erraza jotzen da, erritmoa motela eta jai girokoa izan ohi baita. Aurtengo ibilbidea Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT Saileko Alberto Ocañak prestatu du. Naturarekin harremana izateko bidean, bigarren mailako errepideetatik eta partzelarietatik ere ibiliko dira txirrindulariak. Jakina, parte hartzaileek mendiko txirrindula eramateaz gain, ogitartekoa eta kaskoa, derrigor, eman beharko dute.Autobus zerbitzuaParte hartzeko izena eman behar da - asteazkenean despeditu zen epea - bereziki autobusen ibilbidea eta kopurua kalkulatzeko. Izan ere, autobus eta kamioi zerbitzua izanen da, txirrindulariak eta euren bizikletak norberaren herrian jaso eta eguna bukatzerakoan atzera ere bizilekuetara bueltatzeko. Zerbitzu horretaz baliatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik probarako izena emanda edukitzea. Nolanahi ere, igandean bertan apuntatzen dena ongi etorria izanen da. Goizeko 7:45ean aterako dira Irurtzundik kamioia eta autobusa, eta Sakanako herri guztietan geldituko dira txirrindulariak eta euren bizikletak Ziordiraino eraman arte. Proba bukatzerakoan alderantzizko ibilbidea eginen dute ibilgailuek. Txirrindularien atzetik DYA, foruzainak, mekanikoa eta autobusa izanen dira, gerta daitekeen edozein arazo konpontzeko. Proba ez lehiakorra Irurtzunen despeditu eta gero ¬ - 13:00ak inguruan - parte hartzaile guztiei freskagarria eta oroigarri bat emanen zaie. Gainera, parte hartzaile guztien artean kirol materiala zozketatuko da. Lakuntzan hamaiketakoa hartzera geldituko dira, 11:00ak inguruan, eta orduan edariak eskainiko ditu Mankomunitateak. Astebururako eguraldi ona iragarri dute eta hori parte hartzean nabarituko da. "Mankomunitateak Sakana mailan aisiari begira antolatutako aktibitate bikaina dugu Txirrindula Eguna, naturarekin lotuta, familiarra. Paseoa modu erregularrean egitea osasuntsua da eta igandean argi ikusiko da jarduera fisikoa egin daitekeela lasai, lehiatu gabe eta dibertituz. Gainera Sakanako herrietara bizikletaz joateko ohitura ederra bulkatu dezake honek" azpimarratu zuen Ruben Goñik. Antolakuntza Lan horietan Sakanako Mankomunitateak, Aralar Txirrindulari Taldeak eta Burunda Txirrindulari Taldeak DYAren laguntza izanen dute. Baita Ziordiko eta Altsasuko udalena, Guaixe astekariarena, Beleixe Irratiarena eta Nafarroako Kirol Institutuarena ere. Sakanako Txirrindula Eguna prestatzeak 7.000 euroko aurrekontua du, izan ere Mankomunitateak ordaintzen ditu autobusak, kamioiak, aseguru berezia, edari eta freskagarriak, banatzen diren oroigarriak... baina antolatzaileen esanetan, lan asko egiten dute ere ikastetxeek, kirol dendek, norbanakoek eta beste.