Igandean Nafarroako Kriteriuma itzuliko da

Guaixe 2008ko urriaren 10a

Urte bateko atsedenaren ondoren, indartsu itzuliko da Nafarroako Kriteriuma. Bere 75. urteurrena ospatzeko, txirrindulari profesionalendako lasterketa berreskuratu du Nafarroako Txirrindularitza Elkarteak. Txirrindulazaleek tradizionalki Nafarroako txirrindularitza egutegia itxi duen proba honekin gozatzeko aukera izanen dute datorren igandean, hilaren 12an, Iruñean. Ohi denez, Baiona etorbideak hartuko du kriteriumaren zirkuitua. Hiru proba izanen ditu lasterketak: taldekakoa, puntuena eta kanporaketena. Antolatzaileek sei txirrindulariko lau bloke indartsu bereiztu dituzte: Alejandro Valverderen Caisse d-Epargne; Euskaltel, Jorge Azanza eta Gorka Verdugorekin; atzerriko eta bertako txirrindularien talde misto bat eta Nafarroako txirrindulari amateur onenen taldea. 3. taldean lehiatuko da Uharte Arakilgo Jose Luis Arrieta.