Urbasa-Andiako Larreen Batzordeak alegazioak aurkeztu ditu palazioa hotel bihurtzearen kontra

Guaixe 2008ko urriaren 16a

Urbasa-Andiko patronatuari aldaketaren zirriborroa aurkeztu ondoren, Nafarroako Gobernuak agorrilaren 11n egindako bilkuran hasiera batez onartu zuen Urbasa-Andia natur parkeko natur baliabideen plan arautzailearen aldaketa proiektua. Iaz Europako legedira egokitutako natur parkearen erabilera eta kudeaketa plana onartu zuen Nafarroako Gobernuak. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentutik azaldu digutenez, agorrilean onartutako aldaketarekin "natur parkea arautzen dituzten araudiek elkarrekin talka ez egiteko asmoa dago". Orain Nafarroako Gobernuak jasotako alegazioak aztertu eta egoki jotzen dituenak onartuko ditu. Ondoren, behin betiko, foru dekretua onartuko du.  Alegazioak1996ko agorrilaren 12an emandako foru dekretu baten bidez onartu zen egun indarrean dagoen Urbasa-Andiako natur parkeko natur baliabideen plan arautzailea. Agiri horretan 8 aldaketa egitea proposatu du Nafarroako Gobernuak. Haietako askoren kontra alegazioak aurkeztu dituztela jakinarazi digu Larreen Batzordeko presidente Jose Ignazio Beltza etxarriarrak. Aldi berean, Urbasa-Andiako Larreen Batzordeak eskatu du "natur parkeari buruzko erabaki potoloak patronatuan hartzea, kontsulta erakundea bada ere". Horrekin batera, Larreen Batzordea kexu azaldu da departamentuak informazio gehiegi ematen ez duelako. PalazioaIndarrean dagoen natur parkeko natur baliabideen plan arautzaileak, salbuespen batzuk kenduta, merkataritza jarduerak debekatzen zituen. Nafarroako Gobernuak proposatutako aldaketen artean Urbasako jauregiari aipamena egiten dion bat sartu du, honela dioena: "eraikin hori turismo helburuetarako erabiltzea posible egiten duten jarduerak (baimenduko dira), betiere horrek ekartzen ez badu parkea deklaratu zen egunean zegoen azalera eraikia handitzea".Larreen Batzordearen ustez erredakzio horrek jauregia hotel bihurtzeko aukera ematen du eta ez dago horrekin ados. Abeltzainen ordezkariek Urbasako jauregiari bestelako erabilera ematearen alde daude: "natur parkearen interpretazio zentroa izatea, edota prestakuntza zentroa. Inguruak izan duen bilakaera ikasteko modua emanen duena. Bertako produktuak saltzeko gunea emanen lukeen tokia". Jose Ignazio Beltzak azaldu digunez "natur parkearen inguruko landa-etxe eta ostalaritzan aberastasuna sortuko duen halako ereduen alde gaude, eta ez parkean bertan hotela egitearen alde". Argudio berak erabili dituzte bere alegazioan Lizarraldeko Turismo Partzuergoak eta Ameskoako herriek. Bide batez, Larreen Batzordeak eskatu du planaren erredakzio berrian jasoa gelditzea natur parkean golf zelaiak egitea debekatuta dagoela. Urbasa-Andiako Larreen Batzordeko ordezkariak natur parkean hotela jartzeak ingurumenean sor ditzakeen kalteak ere nabarmendu nahi izan ditu, ur zikinak, azpiegiturak eta abar. Bestalde, aldaketaren erredakzioa argitzea eskatu diote abeltzainek departamentuari, "azalera eraikia" zehazteko. Jose Ignaziok gogora ekarri duenez "jauregiaren ondoan borda bat zegoen, eta teilatua erori zenean departamenduak eraikin guztia bota zuen". Haren azalera ere aldaketan aipatzen den azaleran sartzen den zehaztea eskatu du Larreen Batzordeak. Hotel egitasmoaIazko, urte akaberan, Nafarroako egunkari batek Urbasako jauregia hotel bihurtzeko Nafarroako Gobernua azterketaren bat egiten ari zela azaldu zuen. 4 izarreko hotela bihurtzeko egitasmoa omen zen. Gobernuak arkitektoaren txostenaren aurrerapena esku artean omen du eta gaur egun bideragarritasun ekonomikoaren azterketa lantzen ari omen da. Urbasa-Andiako Larreen Batzordeak iaz departamentuari informazioa eskatu zion eta oraindik ere zain dago. Natur parke txikiagoaNatur parkearen erabilera eta kudeaketa planaren aldaketen artean parkeak hartzen duen azalerari dagokiona. 1996an onartutako planean Urbasa-Andiak 21.408 hektarea (Ha) zituen, eta agorrilean onartutakoan 20.949,4koa da azalera. Hau da, natur parkeak aldaketarekin 458,6 Ha (%2,14) "galdu"  ditu. Azalera txikitze nabariena Andian eman da, 327,55 Ha txikitu da, "50 futbol zelai adina". Limitazioen mendiaren azalera 177,24 Ha txikitu da aldaketarekin. Urederrako eremua bere horretan gelditzen da eta Urbasaren azalera, berriz, 46,22 Ha hazi da. Urbasa-Andiako Larren Batzordeak bere alegazioetan galdetu du nola ote den posible azaleran halako aldaketak ematea eta zein den arrazoia.Mendia1996ko plana2008ko aldaketaAldea HektareaHektareaHektareaEhunekoaAndia4.700   4.372,45-327,55-%6,96Urbasa11.39911.445,22+46,22 +%0,4Limitazioak5.1905.012,76 -177,24-%3,41Urederra11911900Guztira21.408 20.949,4 -458,6-%2,14Energia eta parke eolikoakNafarroako Gobernuak onartu duen aldaketan natur parkearen barruan parke eolikoak eta argindarra merkaturatzea helburu duen edozein azpiegitura jartzea debekatzen du. Horrekin batera, hidrokarburoak ateratzeko debekua ere ematen da. Larreen Batzordea erabaki horiekin ados dago. Baina duela zortzi bat urte natur parkean eta Sakanan egin ziren prospekzioen emaitzak eskatu ditu.LarreakNatur parkearen erabilera eta kudeaketa planaren aldaketarekin batera zenbait puntu idazteko modua aldatu da. Mendiaren gune ezberdinei ematen zaien erabilera zehazten da. Lehen argi eta garbi jasoa zegoen "abeltzaintzarako interesa duen gunea". Erredakzio berria ez da Larreen Batzordeko kideen gogoko eta lehen zegoen eran uzteko eskatu dute. Jose Ignazio Beltzak argitu digunez "2006ko abendurako egina egon behar zuen natur parkeko larreen ordenazio planak. Bi urte geroago egin gabe dago. Esan digutenez aurki zirriborroa emanen digute". Horri lotuta, Larreen Batzordeko bozeramaileak galdetu du zergatik proposatu den aldaketa.BestelakoakHorrekin batera Urbasa-Andiako Larreen Batzordeak eskatu du agiri berrituan jasoa gelditzeko zuhaitzek bezala, larreek ere ez dutela tokirik galduko. Artzainen txabolak konpondu eta berriak egiteko araudia dagoen eran jasotzea eskatu dute. Aldi berean, pistak konpontzea eta oso zikin dauden guneak garbitzea ere eskatu dute abeltzainek. Horrekin batera, ados azaldu dira natur parkean ongarri kimikoak erabiltzea debekatzen duen puntuarekin. Bestalde, Gurelur talde ekologistak ere alegazioak aurkeztu ditu. Gizartearen parte-hartzea kentzeko bidea ikusi du Gurelurrek parkeko natur baliabideen plan arautzailearen aldaketan.