Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
400 bat txirrindularik "Sakana bizikletaz ezagutzeko" aukera izan zuten joan zen igandean, XV. Sakanako Txirrindula Egunean. Sakanako Mankomunitatearen deiarekin bat egin, eta Ziorditik Irurtzunera arte, 46 kilometroko ibilbidea egin zuten bailarako herri, kale, bide zahar, ermita eta basoetan barna. Herrietan jendea tropelaren zainAntolatzaileek eguraldi ona espero bazuten ere, ilun esnatu zen eguna. Euri eta haize bortitzak izutu egin zituen zenbait txirrindulari eta izena emana zuten 320 zaleetatik 200 bat bildu ziren goizean goiz Ziordian. Heldu, gazte nahiz haurrek gogotsu ekin zioten bideari. Ibilian-ibilian, aurrera egin ahala hobera egin zuen eguraldiak eta hori ikusita, tropela herrira iristean ibilbidera batu ziren asko. Horrela, 46 kilometroko ibilbidearen amaierara, Irurtzunera, 400 pertsonako tropela iritsi zen. Txirrindula Eguna, elkarlanaren fruituForuzainen agindua betez bide bazterrean geratzen ziren auto edo motorrek harrituta begiratzen zuten txirrindulari tropel handia. Aralar Txirrindulari Taldearen autoaren musikak iragartzen zuen Sakanako Txirrindula Eguna zela. Tropel buruan Burunda Txirrindulari Taldeko kideek erakusten zuten bidea eta markatzen zuten erritmoa; erritmo lasaia, Sakanako udazkeneko paraje ederrez gozatu ahal izateko eta bide lagunekin gozatzeko. Lagunekin nahiz familian, heldu, gazte eta haurrek giro onean zeharkatu zituzten Sakanako paraje ederrak. DYA eta mekanikoak zituzten atzetik, edozein arazo konpontzeko prest. "Azpimarragarria da bi txirrindulari taldeek egin duten lana" adierazi digu esker onez Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Nerea Martinezek, "haiek gabe ez litzateke posible proba hau antolatzea". Balorazio ona13:30ak pasa zirela iritsi zen tropela Irurtzunera. Amaieran esprintik ez. Ibilbide ez lehiakorra izanda, lagunartean, parte hartzaile guztiek jaso zuten Sakanako Mankomunitatearen oparitxoa, bizikletan eramateko botilatxoa. Bizikletan ibiltzeko material loteak ere zozketatu zituen mankomunitateak. Antolatzaileak pozik zeuden egunaren amaieran. "Egun polita izan da. Eguna triste esnatu bada ere, jendeak ongi erantzun du eta giro bikaina izan dugu" esan zigun Nerea Martinezek "gainera, ez da gorabehera aipagarririk izan" gaineratu zuen.