Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
XIX. Nafarroako Kriteriumak garai bateko lasterketak ekarri zizkigun gogora. Izan ere, urtetan noraezean ibili eta gero, Kriteriumak goi mailako erakustaldia ekarri zuen Iruñera. Bere 75. urteurrena ospatzeko, Nafarroako izarrekin batera, izen handiko txirrindulariak biltzen ahalegindu zen Nafarroako Txirrindularien Elkartea. Alejandro Valverde eta Contadorren presentziak jendetza erakarri zuen Iruñeko Baiona etorbideko zirkuitura. Haiekin batera lehiatu ziren beste 26 txirrindulari, profesionalak gehienak, baina baita eliteko eta 23 urtez beherakoak ere. Sakanatik: Espero zen ikuskizuna eman zuten atzo Valverde eta Contadorrek. Eta haien ondoan, gainerako txirrindulariak ere hazi egin ziren. Puntuazioan, erakustaldia eman zuen Caisse d´Epargnek eta beretzat izan ziren lehen bi postuak, Txente Garcia eta Valverderekin (17 eta 11 puntu hurrenez hurren). Haien atzetik sailkatu zen Jose Luis Arrieta uhartearra 6 punturekin. Juanjo Oroz gailendu zen esprintean, Contador, Valverde eta Txente Garcia atzean utzita. Azken probara iritsi ziren, kanporaketara, eta oraindik erabakitzeko zegoen kriteriuma. Valverdek eta Contadorrek, tropeleko bi oilarrek, zuten guztia eman zuten azken metroetaraino. Alberto Contador izan zen kanporaketan onena. Gainerako probetan lortutako puntuei esker, ordea, sailkapen orokorrean, Alejandro Valverde nagusitu zen 58 punturekin. Haren atzetik sailkatu zen Txente Garcia 57 punturekin. 3. postua, berriz, Uharte Arakilgo Jose Luis Arrietarendako izan zen. Euskaltel-Euskadiko Jorge Azanza 8.a geratu zen eta Gorka Verdugo 17.