Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jardunaldi ezin hobea izan zuten asteburuan erregional mailan dabiltzan bi talde sakandarrek, Etxarri Aranatzek eta Altsasuk, garaipena lortzeaz gain sailkapeneko lehen bi postuak eskuratu baitituzte. Etxarri Aranatz Idoia taldea baino askoz gehiago izan zen Oteitzan jokatutako norgehiagokan. Horrela, gutxika golak sartu eta markagailuan urruntzen joan zen Etxarriko taldea. Lehen gola Ruedak sartu zuen 16. minutuan, eta bigarrena Iraurgik, 69.ean. Egia esan Idoiak ez zuen behera egin eta bukaera arte borrokatu zuen, baina aurrean ez zuen indarrik eta ez zuen apenas kontrako atean arriskurik sortu. Bigarren zatiko 82. minutuan atzera ere Ruedak Etxarrikoen hirugarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen lehia, 0-3koarekin. Bera izan zen Etxarriko jokalaririk onena. Eta Altsasuk ere emaitza berarekin despeditu zuen UPNAren kontra etxean jokatu zuen partida, baina hori bai, bere alde, 3-0. Partida bikainaz gozatzeko aukera izan zuten Dantzalekura hurbildu zirenak. Altsasuk berehala bideratu zuen partida, lehen zatian Sergiok sartutako bi golei esker, bigarrena penaltyz. Hala ere UPNAkoek ez zuten etsi eta bigarren zatian partidari buelta ematera atera ziren, arrisku handiko jokaldiak sortuz. Baina 80. minutuan Altsasuren aldeko hirugarren gola sartu zuen Victorrek eta esan daiteke hor despeditu zela partida. Aipatzekoa da geroz eta zale gehiago hurbiltzen direla Dantzalekura eta Altsasuk eskerrak eman nahi dizkie zaleei. Emaitza bikain hauen ondorioz erregional taldeko III. multzoko liderra Etxarri Aranatz da, 10 punturekin. Bigarrena, eta puntu berberekin, Altsasu taldea da. Larunbatean Etxarrik 4 punturekin sailkapenean 10.a den Ondalanen kontra jokatuko du, azken hauen etxean. Altsasuk, aldiz, Lekunberrin du partida, puntu batekin 13.a den Beti Kozkor taldearen kontra. Ea puntuak batu eta goi mailako postuei eusten dieten.