Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurtengo mendi lasterketen egutegia despeditu da eta balantzeak egiteko ordua heldu da. Espainiako Kopan berriki Etxarri Aranazko Ferietako mendi igoera eta II. Olatzagutia-Urbasa proba irabazi dituen Zuhaitz Ezpeleta izan da benetako izarra. Espainiako Kopa irabazteaz gain arrasatearra bigarrena izan da Espainiako Txapelketan, primerako denboraldia eginez. Euskal Herriko Kopari dagokionez, lau proba jokatu ziren: Izarraitz (Azpeitia), Artzainen Lasterketa (Baigorri), Aramotz (Zornotza) eta Olatzagutia-Urbasa. Senior mailan Fernando Etxegarai eta Nerea Amilibia nagusitu dira, alde handiarekin. Etxegaraik lehen hiru probak irabazi zituen eta azkenean laugarrena izan zen, eta Amilibiak jokoan zeuden lau lasterketak irabazi zituen. Aipatzekoa da Ander Unzurrunzaga etxarriarraren lana, beteranoen mailan onena izan baita, lau lasterketak irabazi eta gero. 800 puntu lortuta berarendako izan da beterano mailako gizonezkoen Euskal Herriko Kopa. Koparekin denboraldi bikaina borobildu du etxarriarrak. Beterano emakumezkoei dagokienez, Irene Sarrionaindiak irabazi du Euskal Herriko Kopa, 601 punturekin. Jone Pelaez laugarren sailkatu da, 175 punturekin.