Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako harri jasotze eskolak eta zentro teknikoak ateak irekiko ditu, atzera ere, ikasturte berrian. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du, Irurtzungo Udalaren, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren eta Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin. Harri Jasotze eskolak bosgarren urtea izanen du aurtengoa eta dagoeneko fruituak ematen hasi da. Aurten, esaterako, eskolako ikasle Aitor Oiarbide etxarriarrak erakustaldi ederra eskaini zuen Iruñeko sanferminetan. Harri jasotze eskola Sakanan edo inguruan bizi eta harri jasotzean aritu edo hasi nahi dutenei dago zuzendua, 16 urtetik goragokoei beti ere. Kirolariek Irurtzungo kiroldegian jasoko dituzte klaseak, azaroaren 5ean hasi eta maiatzaren 27ra bitartean, asteazkenetan, 18:30etik 19:30era. Derrigorrezkoa izanen da klaseetara joatea. Beste behin, harri jasotzaileek Mikel Lasarte izanen dute irakasle. Izena emateaIzena emateko epea zabalik dago azaroaren 3ra arte. Horretarako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura hots egin behar da, 948 464 866 zenbakira, edo mezua bidali kirolak@sakana-mank.com helbidera. 42,50 euroko kuota ordaindu beharko da ikasturte osoagatik. Klaseak euskaraz emango dira, baina baten batek ez badaki gaztelaniaz eginen zaio.