Gaur jokatuko dira finalak eta txapelak Sakanara etortzeko aukerak badaude

Guaixe 2008ko urriaren 15a

Gaur, 19:30etik aurrera, Iruñeko Labrit pilotalekuak Nafar Kirol Jolasen kadeteen eta gazteen buruz buruko txapelketaren finalak hartuko ditu. Kadeteen finalean Irurtzungo taldeko Berazak eta Zugarralde taldeko Iribarrenek duten guztia emango dute jokoan dagoen txapela eskuratzeko. Eta gazteen mailako finalean ere ordezkari sakandar bat izango dugu, Arbizuko Aldabide elkarteko Ezkurdiak San Migel elkarteko Lana izango baitu aurkari. Final borrokatua espero da, bi pilotariek pilotari emateko erresistentzia handia baitute. Ea txapelak Sakanara etortzen diren. Bestalde, aipatzekoa da asteburu honetan Nafarroako Kirol Jolasen barruan Binakako Txapelketa hasiko dela, benjamin mailatik hasita gazteen mailara bitartean.