Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan hasiko da areto futboleko nesken senior maila. Bi multzotan banatuta, 14 talde ariko dira guztira. Eta horien artean soilik emakumezkoen talde bat: Arbizuko Aldabide. Aurrerago Etxarri Aranatz, Irurtzungo Xota eta Altsasu taldeak txapelketa honetan aritu izan ziren, baina orain arbizuarrak dira ordezkari bakarrak. Aldabide taldeak lehen multzoan jokatuko du, hurrengo taldeekin batera: Beti Kozkor, Aurrera, Biurdana, Subiza, Union Mutilbera eta Zalatambor Area 99. Jokatu, ongi pasatu eta maila berriari tamaina hartuAldabideko neskendako berria izanen da senior mailan aritzea, gazte mailan jokatzetik baitatozte.. Aurtengo helburuak argi dituztela esan digu Aldabideko Koldo Mundiñanok. "Jokatzea, taldeak esperientzia hartzea; senior kategoriari tamaina hartzea, finean. Gazte mailan aritzetik datoz eta oso talde batua da, primerako giroa dute euren artean. Gure filosofia senior mailan goian egotea eta taldeak ahalik eta emaitza onenak lortzea izanen balitz, akaso bospasei jokalari onenak kantxaratuko genituzkeen eta senior mailan eskarmentua duten beste neska batzuk sartuko genituzkeen taldean. Baina hori ez da guk nahi duguna. Taldeak elkarrekin jarraitzea nahi dugu, ongi pasatzea, eta neska guztiek minutuak izatea. Horregatik guztiek jokatuko dute. Izan genuen seniorretan esperientzia handia zuten bi jokalari hartzeko aukera baina nahiago izan dugu gazte mailatik zetorren taldearen alde egitea" nabarmendu du. Baina nahiz eta gazteak izan, seniorreko itxurazko taldea dutela adierazi Mundiñanok. 12 neska aritzen dira seniorreko taldean, Mikel Lakuntza entrenatzailearen aginduetara. Asteazkenetan eta ostiraletan entrenatzen dute Arbizuko kiroldegian, 20:00etatik 21:30era. Aldabideren lehendabiziko arerioa Union Mutilbera izanen da. Partida larunbatean jokatuko da, urriaren 18an, 16:00etan, Mutiloabeitiko kiroldegian. Aldabideko beste nesken taldeakBaina senior maila ez da areto futbolean Aldabidek duen talde bakarra. Kadete mailan 11 neska aritzen dira, Endika Mendinueta entrenatzailearekin, eta haurren mailan 10 neska, Nuria Arza entrenatzailearen esanetara. Azken bi talde hauek Nafar Kirol Jolasetan lehiatuko dira, urriaren bukaeratik edo azaroaren hasieratik aurrera. Bestalde, txikitxoen taldea ere badu Aldabidek, eta hauek Sakanako txapelketan ariko dira. Jakina, ez dugu ahaztu behar Aldabidek ere mutilen areto futboleko taldeak dauzkala. Aldabideko talde guztien aurkezpena aurki eginen dute Arbizun eta orduan emango dugu guztiaren berri.