Etxarrik lidergoari eusten dio eta Altsasu bigarrena da

Guaixe 2008ko urriaren 20a

Larunbatean Etxarri Aranatzek Villatuertan jokatu zuen, bertako Ondalan taldearen kontra. Lehendabiziko zatian Ondalanek izan zituen gol aukerak ez zituen baliatu eta bi taldeak husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Etxarrik penalty bat huts egin zuen baina jokalariak ez ziren asko larritu, berehala kontrako atean asmatzen hasi baitziren. Mikelek sartu zuen etxarriarren lehen gola, eta Goñik bigarrena eta hirugarrena, azken hau penaltyz. Bukaeran, Ondalanek 1-3koa ezarri zuen markagailuan eta horrela despeditu zen lehia. Etxarriko jokalari onena Goikoetxea izan zen.  Bestalde, aipatu beharra dago Altsasuk Lekunberrin Beti Kozkorren kontra jokatu beharreko partida atzeratu egin dela. Irabazi eta gero Etxarri Aranatzek erregional mailako lidertzari eusten dio, 13 punturekin. Altsasu bigarrena da sailkapenean, 10 punturekin. Asteburuan seigarren jardunaldia jokatuko da. Etxarrik larunbatean etxean jokatuko du, San Donato zelaian, sailkapenean 9 punturekin zazpigarrena den Bidezarraren kontra. Altsasuk ere larunbatean jokatuko du, Dantzalekun, sailkapenean puntu berberekin bere atzean hirugarrena den Infanzones taldearen kontra. Argi dago partida garrantzitsuak direla eta irabaziz gero Sakanako taldeek euren goiko postuei eutsi eginen dietela. Galdu izanez gero euren postuak jokoan daude.