Olias laugarrena eta Mariñelarena hamairugarrena Zuerako lasterketan

Guaixe 2008ko urriaren 23a

Asteburuan Espainiako Supermotard txapelketako azken lasterketa jokatu zen Zaragozako Zuerako zirkuituan. Bertan lehiatu ziren motoziklismoko modalitate honetan aritzen diren bi pilotu sakandarrak, Juanma Olias eta Alex Mariñelarena irurtzundarrak. Aipatzekoa da denboraldiari primerako bukaera eman diotela bi pilotuek, Zueran Juanma Olias laugarrena sailkatu baitzen sm3 kategorian - hirugarrena Aprilia Kopan - , eta Alex Mariñelarena hamairugarrena izan baitzen sm1 kategorian. Juanma Oliasek 19 urte dauzka eta hiru urte darama open mailan lehian. Espainiako Txapelketan aurten jokatutako 6 probetatik hirutan puntuatu du - Campillosen, Tubilla de Lagon eta Zueran - , Pastorizan eta Cartagenan min hartu eta erretiratu baitzen. Udan lesionatuta egon da, baina denboraldiko azken txanpan lehiara itzuli da. Asteburuan, Zueran, lan bikaina egin zuen; sm3 mailan eta Aprilia Kopan aritu zen, beste 27 piloturekin batera. Kronometratutako entrenamenduetan zazpigarren postua lortu zuen eta jokatutako bi mangatan postu horretatik abiatu zen. Lehendabiziko mangan laugarren postuan bukatu zuen, eta bigarrenean bigarren postuan egotea lortu zuen, baina azkenean ez zituen pneumatiko egokiak aukeratu eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zen. Zuerako sailkapen orokorrean sm3 mailan irabazlea Pol Laspuertas izan zen, eta Olias laugarrena. Aprilia Kopa ere Pol Laspuertasendako izan zen, eta Oliasek hirugarren postua lortu zuen. Lasterketa honekin denboraldia despeditu du Juanmak, eta hurrengo urtean atzera ere Aprilia motor italiarrarekin jarraituko duela iragarri du. Mariñelarenaren debutaAlex Mariñelarenak, bestalde, 16 urte ditu eta aurten debutatu du supermotardeko open mailan, Honda motorrarekin, eta baita Espainiako Supermotard Txapelketan. Azken txapelketa honetan sm1 kategorian lehiatu da baina soilik txapelketako 7 lasterketetatik azkeneko bietan lehiatu da, Tubilla de Lagon eta Zueran. Asteburuan primerako lana egin zuen Zueran, bereziki bigarren mangan. Kronometratutako entrenamenduetan bosgarren postua lortu zuen eta postu horretatik atera zen. Lehendabiziko mangan ez zen ongi aritu eta hamaikagarrena heldu zen helmugara. Bigarren mangan, aldiz, Mariñelarena onena ikusteko aukera izan genuen: hirugarrena heldu zen helmugara. Aipatzekoa da sm1 kategoriako izarra Francesc Cucharrera katalana izan zela, bera izan baitzen garaile. Espainiako Supermotard Txapelketa Cucharrerak irabazi du, 326 punturekin. Nahiz eta soilik bi probatan aritu, Mariñelarena hamairugarrena sailkatu da, 39 punturekin.Denboraldia bukatu da pilotu irurtzundarrarendako. Ea hurrengo urtean berriro zirkuituetan ikusten dugun.