Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igande eguerdian bestelako egitekoa izan zuten beste sakandar batzuek, Andra Mari ikastolako ordezkariak. Jaso ikastolan egin zen ekitaldi batean aurtengo Nafarroa Oinezek Euskalerria Irratia eta Euskadiko Kutxa omendu zituen. Horren ondoren, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Izaskun Arratibelek, Nafarroa Oinezeko lekukoa Andra Mari ikastolako ordezkariei pasa zien. Josu Imaz Primek, Andra Mari ikastolako lehendakariak, eta Muxi Mariñelarenak, ikastolako zuzendariak, jaso zuten lekukoa. Josu Imazek "eskerrak" eman zituen eta esan zuen: "guretako ohore handia da Nafarroa Oinezen lekukoa hartzea". Ikastola hartzeko eraikin berri baten beharra nabarmendu zuen, "oraingoa zaharkituta eta txiki gelditu baitzaigu". Aldi berean, Andra Mari ikastolaren izenean Josu Imazek azpimarratu zuen "euskararen aldeko konpromiso zintzoa" dutela. Jose Ulibarrenak egindako egurrezko eskultura da lekukoa eta astelehenaz geroztik Andra Mari ikastolan dago. Lekukoak 2009an Nafarroako ikastolen festa antolatzea tokatzen zaiela gogoraraziko die egunero Andra Mari ikastolakoei.