Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburu honetan jokatuko da Iruñeko Hiria Irekia, lau t´erdian, eta bertan lehiatuko dira Jorge Nagore irurtzundarra eta Jon Gorriti uhartearra. Bihar, larunbatean, goizeko 11:00etatik aurrera final zortzirenak jokatuko dira Errotxapeako pilotaleakuan, eta tartean Jon Gorritik Mitxelena izanen du aurkari. Nagorek ere bihar jokatuko du, final zortzirenetan, Lopezeko pilotalekuan goizeko 11:00etatik aurrera jokatuko diren partidetan. Nagorek Huarte izanen du arerio. Kaiolan espezialista da irurtzundarra, eta Iruñeko Irekia irabazteko faboritoetako bat da. Igandean Iruñeko Hiriko Irekiko final laurdenak jokatuko dira, eta hurrengo asteburuan finalaurrekoak. Finala azaroaren 8an jokatuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan. Iruñeko Hiria Irekia Frontisek antolatutako CPA (Circuito Profesional de Pelota) zirkuituaren barruan dago. Iruñeko Irekiarekin batera beste 13 proba antolatu dira zirkuituaren barruan, Euskal Herriaz gain Burgos, Almeria, Bizkaia, Madril, Zamora, Logroño, Bilbo, Palentzia, Bartzelona, Ciudad Real eta Avilan jokatuko direnak. Aipatzekoa da hemendik aurrera Frontiseko partida eta txapelketa guztietan Errioxako Jose Luis Cervino pilotaegileak egindako pilotekin jokatuko direla. "Materialak zeresan handia ematen du beti, eta Cervinok lortu du materialaren elaborazioaren %90 mekanikoa izatea. Soilik josketa da manuala. 104 eta 105 gramo arteko pilotak dira, 62,5 mili metroko diametroarekin. Frontisen aipatu pilota probatu dugu, emaitza onekin, eta hemendik aurrera Cervinokoak gure pilotak izango dira" azaldu dute Frontiseko arduradunek.