Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haurren artean kulturen arteko elkarbizitzaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako balioak zabaltzeko programaren baitan kokatuta daude olinpiada berezi horiek. Herri bakoitzean kanporaketak jokatu dira. Haietan 6 eta 12 urte bitarteko haurrek gurasoen jatorriari erreparatu gabe (Maroko, Sakana edo Ekuadorrekoek parte hartu dute) taldeak sortu eta munduko hainbat jolas, kirol, dantza eta abarretan aritu dira. Iturmendi, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordiko talde onenak domekan jokatu zen finalerako sailkatu ziren. Olatzagutian, eguerdian, Iturmendiko eta Olaztiko 26 neska-mutil bildu ziren. Aurreko saioetan bezala, hainbat proba pasa zituzten, giro ederrean. Iaz bezala, Burunda aldeko kultur arteko olinpiadetan finenak iturmendiarrak izan ziren. Sari gisa guztiek goxoki poltsa bana eskuratu zuten. Horrekin batera iturmendiarrek azaroaren 9an Altsasuko Iortia kultur gunean izanen den antzerki saiorako sarrera bana eta domina bat jaso zuten. GehiagoBurunda aldeko fasearen ondoren, kultur arteko olinpiaden Aranaz aldeko txanda hasiko da. Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu eta Etxarri Aranatzen izanen dira kanporaketak hurrengo ostiraletan, 17:00etan. Herri bakoitzeko talde onenak azaroaren 23an, eguerdian elkarrekin ariko dira.