Jatorri izendapenaren antzeko ziurtagiria da produkzio integratuarena. Lacteos Belatek esneari ezarri dio eta horrek hainbat arlotan neurri zorrotzagoak hartzea ekarri die taldeko behi ustiapenei, esaterako: osasunean, animalien ongizatean, behien elikadura naturalago... Lacteos Belatek asteartean aurkeztu zuen dendetan salgai izanen den Lacturale esne marka. Kontsumitzaileak esne osoa, erdi gaingabetua edo gaingabetua erosi ahalko du eta aurreratu zutenez, beste marken antzeko prezioan. Sari eta guzti merkaturatu dute esnea. Martxoan izan zen Alimentaria azokan Urteko Zaporea saria eskuratu zuen esne marka nafarrak. Lacteos Belatek esne marka hori merkaturatu aurretik Nafarroako Ostalaritza Elkartearen bidez Igara markako esnea saldu dute. Nafarroako hainbat ustiapenek osatzen dute Lacteos Belate taldea, tartean Sakanako zenbait. Behitegi horietako esnea da merkaturatzen dutena. Taldeko presidentea Juan Manuel Garro Redin sakandarra da.