Bierrik Elkarteak eta Nafarroa Oinezek lankidetza hitzarmena sinatu dute

Guaixe 2008ko urriaren 30a

Bierrik Elkarteko lehendakari Iñaki Mundiñanoren eta Andra Mari Ikastolako lehendakari Josu Imazen sinadurekin bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena gauzatu da. Ibarreko euskalgintzako bi erakundeak koordinatuki lanean aritzea ekarriko du asteartean sinatutako hitzarmenak. Andra Mari ikastolak heldu den urtean Nafarroa Oinez jaia antolatuko du eta hainbat ekitaldi antolatuko dituzte. Horren berri Bierrik Elkarteko komunikabideetan (Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia) eman beharra zegoela garbi zuen ikastolak. Bierrik elkarteak, bestalde, ibarrean euskal kultura eta euskarazko komunikabideak bultzatzeko sortu zen. Alde horretatik, euskararen aldeko Nafarroa Oinez moduko festa handi batekin koordinatuki lan egitea ezinbestekoa ikusi zuen. Bi erakundeek elkarren premia zutela ikusirik harremanetan jarri ziren. Lan taldea sortu dute eta ikasturtean zehar Nafarroa Oinezen  inguruan eginen diren ekitaldien eta haiek Sakanako euskarazko komunikabideetan zein isla izanen duten adostu dute aldeek. Baina hitzarmena haratago doa, heldu den urtean Sakanako euskalgintzak hainbat erreferentzia garrantzitsu izanen dituelako: Nafarroa Oinez, Korrika, Andra Mari ikastolaren 40. urteurrena, Bierrik Elkartearen 15. urteurrena... Horren inguruan ere xehetasunak ere jasotzen dira asteartean sinatutako hitzarmenak. EstreinakoaIñaki Mundiñanok azaldu digunez, "Bierrik Elkarteak sinatzen duen mota honetako aurreneko hitzarmena da". Etorkizunean gehiago etorriko diren galdetuta, erantzun zuen: "elkartearen helburuekin bat egiten badute, hau da, Sakanan euskara edota euskarazko komunikabideak bultzatzearekin bat badatoz, Bierrik Elkartea antzeko hitzarmen gehiago sinatzeko prest egonen da".