Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar, azaroak 1, Santu Guztien eguna edo Dominu Santu eguna ospatuko da. Egun honekin asko eta asko izanen dira herriko kanpo santuetara gerturatuko direnak, horietako batzuk egunerako propio etorritakoak, gainera. Lore eskaintza izan ohi da egun honen berezitasun nagusia eta kanpo santuen itxura guztiz aldatuko da. Aurretik hilobiak, hilarriak, panteoiak, nitxoak, kolunbarioak eta beste garbitzen eta ingurua txukuntzen jende mordoa aritu da, biharko dena prest egoteko. Batzuk baratzean biharko propio landatutako loreetatik ederrenak bilduko dituzte, eta beste askok, gehienek, erosi eginen dituzte. Krabelinak, arrosak, krisantemoak, lore bitxiak... denetatik, familiakoak eta lagunak oroitzeko asmoz. Azken egun hauetan asko lan egiten dute lore-dendek eta negutegiek, eskaera handia baita, eta baita ere herrietako azoketara etortzen diren lore saltzaileek. Loreen edertasun galkorrak eta haien prezioak konbentzitzen ez dituztenak plastikozko edergarriak eramaten dituzte kanpo santuetara, hilobia urte guztirako edertu dezaten. Ez dakigu horrenbeste aipatzen den krisiak aurtengo Dominu Santu Egunean eragina izango ote duen. Aurten larunbatarekin egokitu da Santu Guztien eguna eta hortaz, ez dago astean barnako festa egunik ez zubirik. Hori dela eta ia asteburu arrunta izanen da, baina hori bai, komertzioak - lore dendak salbu - ateak itxita daudela.