Nagore finalerdietara eta Gorriti bidean geratu

Guaixe 2008ko urriaren 27a

Asteburuan lau t´erdian jokatzen ari den Iruñeko Hiria Irekiko final zortzirenak eta final laurdenak jokatu dira. Igandeko final laurdenetan Jorge Nagore irurtzundarrak Fernando Arretxe hartu zuen menpean, bi jokoak irabaziz (10-7 eta 10-7). Nolanahi ere oso partida konplikatua izan da, lehenengo jokoan Nagore nagusi izan baita, baina bigarrenean Arretxe markagailuan aurrean egon delako. Baina Arretxek sakean egindako falta batek eta bi akatsek garaipena Nagore irurtzundarrari eman dio. Atzera ere lau t´erdian espezialista dela demostratu du Irurtzungo aurrelariak. Bestalde, Mikelek Jon Gorritiri irabazi zion ((10-7, 9-10 eta 5-3). Uharteko atzelariak egunez egun hobe jokatzen du baina zorte pittin bat falta izan zitzaion Mikel garaitzeko. Lehendabiziko jokoa Mikelek irabazi zuen eta bigarrena Gorritik, eta guztia hirugarren jokoan erabaki behar izan ziren. Nolanahi ere Mikelek lan handia egin behar izan zuen Gorriti Iruñeko Hiria Txapelketatik kanpo uzteko. Jorge Nagorek, Xabier Urdanizek, Ander Antxiak eta Mikelek jokatuko dituzte lau t´erdiko Iruñeko Hiria Irekiko finalerdiak. Jaialdia igandean izanen da, azaroaren 2an, 12:00etan Errotxapeako pilotalekuan. Zehazki esanda, Nagorek Urdaniz izanen du aurkari eta Mikelek Antxia. Partida konplikatuak izanen dira, baina Nagore kaiolan espezialista da eta bera da faboritoa. Final handia Iruñeko Labrit pilotalekuak hartuko du azaroaren 8an, 18:00etan. Cervino pilotakIruñeko Hiria Irekia Frontisek antolatutako CPA (Circuito Profesional de Pelota) zirkuituaren barruan dago. Iruñeko Irekiarekin batera beste 13 proba antolatu dira zirkuituaren barruan, Euskal Herriaz gain Burgos, Almeria, Bizkaia, Madril, Zamora, Logroño, Bilbo, Palentzia, Bartzelona, Ciudad Real eta Avilan jokatuko direnak. Aipatzekoa da hemendik aurrera Frontiseko partida eta txapelketa guztietan Errioxako Jose Luis Cervino pilotaegileak egindako pilotekin jokatuko direla. "Materialak zeresan handia ematen du beti, eta Cervinok lortu du materialaren elaborazioaren %90 mekanikoa izatea. Soilik josketa da manuala. 104 eta 105 gramo arteko pilotak dira, 62,5 mili metroko diametroarekin. Frontisen aipatu pilota probatu dugu, emaitza onekin, eta hemendik aurrera Cervinokoak gure pilotak izango dira" azaldu dute Frontiseko arduradunek.