Golik ez sakandarren partidutan

Guaixe 2008ko azaroaren 3a

Erregional mailan dauden bi talde sakandarrek 7. jardunaldia izan dute asteburuan. Bi taldeen norgehiagokak hutsean amaitu dira. Beraz, puntu bana gehitu dute Sakanako taldeek. Etxarri Aranatzek Iruñerako bidea hartu zuen larunbatean, UPNA-ko taldearekin lehiatzeko. Bi taldeek ere ez zuten egun ona izan. Lehen zatian Etxarrikoak hobe kokatu ziren zelaian eta, baloiaz jabetu baziren ere, gol aukera gutxi izan zuten. Bi taldeek atera jaurtiketa bakar bat egin gabe hartu zuten atsedena. Bigarren zatiarekin batera iritsi ziren Etxarrikoen aukerarik onenak, baina ez zituzten aprobetxatu. Hortik aurrera UPNA nagusitu zen zelaian, baina Etxarrikoen zorionerako, ez zuten Iñakiren atea zulatzerik lortu. Amaieran, 0-0ekoa markagailuan, eta puntu banaketa. Tentsioa izan zen Altsasukoen partiduaren ezaugarri nagusia. Doneztebeko taldea bizi-bizi atera zen Uharteko zelaira eta ezerezean utzi zuen Altsasuko joko kontserbadorea. Aukera argiak izan zituen Doneztebek, baina bere jaurtiketak langara joan ziren. Partidua amaitzeko 8 minuturen faltan 10 jokalarirekin geratu zen Doneztebe eta orduan izan zituen Altsasuk aukerarik onenak. Hala ere, golik gabe amaitu zen norgehiagoka, 0-nako berdinketarekin. Lider berria du erregional mailako 3. multzoak: Gazte Berriak taldea, 18 punturekin. Etxarriko taldea 3.a da, 12 punturekin. Altsasu, berriz, 6.a da, 11 punturekin. Datorren larunbatean zortzigarren jardunaldia izanen dute jokoan. Etxarri Aranatzek taularen gorenera gerturatzeko aukera ona du, 2 punturekin azkena den Beti Kozkor taldea hartuko baitu etxean. Altsasuren arerioak ere, hasiera batean, gainditzeko modukoa dirudi: 4 punturekin azken aurrena den Arenas Ayegui taldearekin neurtuko ditu indarrak etxean.