Abian da Sakanako harri-jasotze eskola

Guaixe 2008ko azaroaren 5a

Sakanako harri-jasotzaile eskolak bere ateak zabaldu ditu berriro. 2004/2005 ikasturtean sortu zen aipatu eskola, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuaren ekimenez, harri-jasotzea bultzatzeko. Ordutik ikasturtero aurrera darrai, aurten bosgarren urtez jarraian. Mikel Lasarte irakaslearen aginduetara, iazko ikasle berberak ariko dira: Xabier Igoa, Simon Callaham eta Aitor Oiarbide etxarriarra. Ikasleek klaseak eta entrenamenduak Irurtzungo kiroldegian jasoko dituzte, asteazkenetan, 18:30etik 19:30era. Jakina denez, harri-jasotzean indarra baino, teknika da garrantzitsuena, baina egia esan, teknika, indarra, konfiantza, etab. dena da beharrezkoa, eta horretan guztian sakonduko dute. Harri-jasotze eskolak maiatzaren 27an itxiko ditu ateak.