Sakanako VIII. Herri Lasterketan izena ematea zabalik

Guaixe 2008ko azaroaren 5a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako Sakanako VIII. Herri Lasterketa azaroaren 16an izanen da. Etxarri Aranatzen hasi eta despedituko den 10,5 km-ko lasterketa prestatu dute aurten proba nagusirako, baina lehenago kategoria txikien lasterketak jokatuko dira. Bada, aipatu lasterketetan parte hartzeko izena ematea zabalik dago Mankomunitateko web gunean, www.sakana-mank.com helbidean. Kirolen ataleko herri lasterketa lotura gunera jo behar da, eta bertan dagoen inskripzio orria bete. Internet bidez izena emateko azken eguna azaroaren 13a da. Proba nagusian parte hartzeko internet bidez izena ematen dutenek, 7,5 euro ordaindu beharko dituzte, eta jubenilek 4 euro. Euskadiko Kutxan ordainketa egiterakoan izena abizenak jarri beharko dira, eta lasterketa egunean dortsala jasotzeko ordainketa ziurtagiria eraman beharko da. Nolanahi ere, lasterketaren egunean bertan, azaroaren 16an, izena eman daiteke, Etxarri Aranazko Udalean. Proba nagusian parte hartuko dutenek goizeko 10:00etatik 11:00etara eman beharko dute izena, 8 euro ordainduz, eta kategoria txikikoek 9:00etatik 10:00etara. Azken hauek ez dute ordaindu behar izango.