Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuaren heldu den urteko aurrekontuen zirriborroan Euskarabidearendako 3.070.653 euro bideratzen dira, aurten baino %24,10 gutxiago. Nafarroako Gobernuak aurreikusitakoaren arabera Euskarabidearen aurrekontuaren erdia, 1.537.795 euro, langileei ordaintzera bideratuko da. Euskararen Nafar Institutuaren aurrekontu aurreikuspenetan, lau diru-sail besterik ez dute diru gehiago jasoko, eta haietatik 3 langileenak dira. Aurreikusitako Euskarabidearen aurrekontuaren beste erdia hiru zatitan banatuko dira: programako jarduera orokorrak, euskararen garapena eta prestakuntza, aholkularitza eta ikerkuntza. Aurreko 1.213.345 eurotik 550.387ra jaitsi da (-%54,64). Euskararen garapenera bideratuta 1.626.010 euro aurreikusten dira, hau da, %12,31 gutxiago. Prestakuntza, aholkularitza eta ikerketarako sailak du murrizpen txikiena; %8,54, 894.256 euro aurreikusi dizkiote. SailkaHeldu den urteko aurrekontu aurreikuspenean 42 sailetatik 32tan daude jaitsierak. Langileen soldatekin zerikusirik ez eta hazi den sail bakarra euskararen aldeko kanpainetara bideratutakoa da. 160.000 eurora iritsi arte puztu dute poltsa (+%45,45). Bost diru-sailek iazko diru kopuru bera izanen dute. Euskaltzaindiak jasoko dituen 160.000 euroak kenduta, berdin mantentzen diren sailak kantitate txikikoak dira. Esan bezala, diru sail gehienetan aurreikusten dira jaitsierak. Esaterako, heren bat jaisten da eremu ez euskaldunean dauden ikastolei bideratutakoa (106.601 euro). Bestetik, udalek eta mankomunitateek euren euskara zerbitzuak kudeatzeko laguntzetarako heren baten murriztea aurreikusten da, saila 350.000 eurotan geldituz. Gaueskolendako aurreikusitako diru-laguntza %21,57 jaistea aurreikusten du Euskarabideak, 400.000 euro bideratuz helduen euskalduntze eta alfabetatzera. Euskaraz egindako kultur jarduerak laguntzeko partida %80 txikitzea aurreikusten da, 30.000 eurotan geldituz. Bestalde, komunikabideetan euskararen erabilera sustatzera bideratutako diru saila ia desagertu egiten da, %96,91eko jaitsiera aurreikusten baita, aurtengo 310.000 euroetatik aurreikusitako 9.567etara. KomunikabideakGogoan izan behar da aurten Euskarabideak, oraindik ere, ez duela komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko diru-laguntzen deialdirik egin. Horrek Nafarroako euskara hutsezko hainbat komunikazio egitasmoren aurrekontuak eta jarraipena bera kolokan jarri ditu. Euskarabideko arduradunek asteartean parlamentuko hezkuntza batzordean egindako agerraldian aurreratu zuten deialdia "lehenbailehen" eginen zela, "egun ogasunari eskaerak egiten ari baitira". Ez zuten zehaztu aurreikusitako diru guztia izanen zuen. Kontseilariak aurrekontuak behin betiko onartuak izan bitartean ez zuen inolako baloraziorik egin nahi izan.