Sukaldaritza ikastaro arrakastatsua

Guaixe 2008ko azaroaren 5a

Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzutik antolatutako sukaldaritza osasuntsua ikastaroak arrakasta handia izan du. Maroko, Peru, Ekuador, Senegal, Portugal, Bulgaria eta Sakanako jatorria duten 18 pertsonek parte hartu zuten. Aurreko hilabetan, bi astez, Altsasuko Vianako printzea gozogintza eskolan bildu ziren.  Aitor Etxeberria sukaldaria izan zuten irakasle. Sukaldaritza osasuntsua ikastaroaren bidez, tokiko jakiez gain, haien lurraldeetako jakiak modu osasuntsuan prestatzen ikasteko aukera izan zuten. Mankomunitatetik jakitera eman digutenez, "ikastaroan parte hartu zutenak hain gustura egon zirenez, sukaldaritzarekin zerikusia duen topaketa bat prestatzen hasiak dira dagoeneko. Hortaz, ikastaroak partaide guztien gozamena ekarri zuen". Beraz, munduko sukaldaritzari buruzko topaketa aurki izanen da Sakanan. Logotipo lehiaketaSakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuari irudia emateko logotipo lehiaketa antolatu du ibarreko erakundeak. Lanak hilaren 19 baino lehen aurkeztu beharko dira mankomunitatearen egoitzan edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen egoitzetan. Sarituak lau pertsonendako landetxe batean egonaldia irabaziko du. 4 akzesit ere banatuko dira.