Nafarroa Oinezek "txikien handitasuna" aldarrikatuko du

Guaixe 2008ko azaroaren 6a

Argiñe ipurtargia eta Txikiak handi esaera izanen dira Nafarroa Oinez 09ko logotipoa eta leloa. Nafarroako ikastolen festa iragartzen duen irudia, eta harekin batera mezua, zabalduko du hurrengo hilabeteetan Andra Mari ikastolak, bai hemen, bai Europan. Asteartean aurkeztu zuen Andra Mari ikastolak komunikabideen aurrean heldu den urteko Nafarroa Oinez. Agerraldian, besteak beste, ikastetxeko zuzendari Muxi Mariñelarena eta irakaskuntza kooperatibako lehendakari-orde Pello Urzelai izan ziren. Haiek adierazi zutenez, hirugarrenez ospakizuna antolatzea "ohore bat da, eta erronka handia, batez ere, aurtengo Oinez festaren arrakasta ikusirik heldu den urtekoa antolatzea". HelburuakAndra Mari ikastolak heldu den urtean 40 urte beteko ditu. Bere egoitza nagusia Etxarri Aranatzen du eta han burutzen dituzte ikasketak Sakanako hamalau herrietako 2 eta 16 urte bitarteko 420 ikaslek. Nafarroa Oinezi esker bil daitekeen dirua Andra Mari Ikastolaren eraikin berriaren inbertsioaren zati bat finantzatzera bideratuko dute. Etxarri Aranatzen jasoko dute eraikin berria, lehen kalkuluen arabera 3,5 edo 4 milioi euroko inbertsioa eskatuko duena. Astearteko agerraldian ziurtatu zutenez "eraikin berria ikastolaren etorkizuna bermatzeko behar dugu". Gehitu zutenez, "etorkizunean eskualdeko beharrei erantzungo dien zerbitzua eskaini ahal izateko proiektu ireki bat prestatzen ari gara, oraingo eskaintzatik haratago joan daitekeena".Baina, horretaz gain, Nafarroa Oinezeko antolatzaileendako festaren antolaketak berak "urte osoan zehar euskara bultzatu, sustatu eta kalera ateratzeko balio izango du". Baina ez soilik Euskal Herrian. "Beste hizkuntza gutxiagotuekin batera Europan ere euskara zabaldu nahi" dutela adierazi zuten prentsaurrekoan. Antza, Oinezak orain arte zituen muga guztiak gaindituko ditu. Mezua"Andra Mari ikastola - bitartekoei dagokienez, behintzat - txikia da, ikastola hartzen duen eremuko herriak ere txikiak dira. Euskara ere, mundu globalizatu honetan, txikia da. Baina txikiak izanda ere, ez gara txiki sentitzen. Aurrera joateko apustu handiak egiteko gai sentitzen gara". Arrazoi bide hori erabili dute festaren antolatzaileek Txikiak handi leloa aukeratzeko. Txikien handitasunaren aldarrikapena, bereziki hizkuntz gutxituei lotuta egin nahi du Andra Mari ikastolak. Bai euskararena, baita Europako hainbat hizkuntzena ere. Horretarako hainbat proiektu dituzte Andra Mari ikastolakoek, tartean Europan festaren berri ematea eta tokian tokiko gutxitutako hizkuntzekin bertatik bertarako harremana izatea. Logotipoa2009ko Nafarroa Oinezen irudia, animalia txiki bat izango da: ipurtargi atsegin bat. Argiñe. Eragin enpresako Martin Etxauri marrazkilariak diseinatutakoa da. Txikia da, baina berezko argia du. Hizkuntza txiki guztiek bezala. Lortu behar dugu berezko argi hori sekulan itzal ez dadin. Aurkezpen jaialdiaAndra Mari ikastolak sakandarrak Nafarroa Oinezen aurkezpen jaialdira gonbidatu ditu. Larunbatean izanen da, 17:00etan, Arbizuko kiroldegian. Oinezeko arropa edo web gunea aurkeztearekin batera, zozketak, gonbidatuak, sorpresak eta auzatea izanen dira, besteak beste.