Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako eta Arbizuko udalek berriki egin dituzten batzarretan Nafarroako hedabideetan euskara sustatzeko diru-laguntzen deialdiaren egoera aztertu zuten. Bi udalek bat egin zuten Berriozarren lastailaren 23an hainbat udalek eta mankomunitatek hartutako erabakiekin. Bi udalen ustez gobernuak hartutako erabakiak, aurtengo batzarretan Nafarroako hedabideetan euskara sustatzeko diru-laguntzen diru-sailaren txikitzeak eta heldu den urterako iragarritako murrizketa, "oso egoera larrian uzten ditu Nafarroako euskarazko hedabide gehienak, eta kolokan hedabide horiek ematen duten zerbitzua eta haien langileen etorkizuna". Lakuntza eta Arbizuko udalen iritziz erabaki horiek "oso eragin kaltegarria izanen du euskararen normalizazioan" eta, gehitu dutenez, "zeharka edo zuzenean, Udalengan ere eragin kaltegarria izanen du". Guztiagatik bi Udalek Hezkuntza departamentuko Carlos Perez Nievasi gaia aztertzeko bilera eskatu zioten, baita parlamentuan bere agerraldia eskatu ere. Hartutako erabakia beste udal eta mankomunitateetara zabalduko diete, erabakiarekin bat egin dezaten.