Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa bihar hasiko da Altsasun

Guaixe 2008ko azaroaren 7a

Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatuta, Nafarroako Euskal Kantu Txapelketaren aurtengo edizioa bihar hasiko da Altsasuko Iortia kultur gunean. 14 bakarlari, bikote eta taldearen doinuekin gozatzeko aukera dago 18:00etatik aurrera Iortia kultur gunean. Parte-hartzaileen artean Altsasuko bakarlari bat eta talde bat izanen dira. Marta Vilariñok, a capella, Lor taldearen Zure doinua kantua abestuko du. Iaioak laukote altsasaurrak ere kantatuko du Iortia kultur gunean. Alazne Guinea Jimenezek, Olatz Monreal Oiarbidek, Leire Solano Diazek eta Ainhoa Ramirez de Alda Azurmendik osatzen duten taldeak bi kantu abestuko ditu: Anje Duhalderen Eperrak eta Xabier Leteren Xalbadorren Heriotzean. Aurreneko kantuan guztiak gitarrarekin ariko dira eta bigarrenean gitarra bakarraren laguntza izanen dute. Euskal Kantuzaleen Elkarteak txapelketa "euskal kantagintza zabaldu eta erakustarazteko" helburuz antolatu du. Horrekin batera, kantatzeko zaletasuna piztu nahi du eta, bide batez, kantari berriak plazaratu. Azken finean kantuarekin gozatzeko bidea izan nahi du txapelketak.