Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erregional mailako taldeek 8. jardunaldia izan dute jokoan asteburuan. Etxarriko San Donato futbol zelaira gerturatu zirenek gol festa ederrarekin gozatu ahal izan zuten. Altsasun, berriz, golik gabe amaitu zen norgehiagoka. Gogotsu atera ziren zelaira Etxarriko mutilak. Erritmo bizia ezarri zuten eta erraz nagusi izan ziren partidu osoan. 12. minutuan aurreratu ziren markagailuan, Miguel Javierren golarekin. 21. minutuan, 2-0ekoa sartu zuen Xabatek, penalti jaurtiketan. Gehiagorako ere eman zuen lehen zatiak: 39. minutuan, etxekoen 3. gola sartu zuen Xabatek. 3 golen abantailarekin joan ziren atsedenera etxarriarrak. Partida ia erabakita zegoelakoan, lasaiago ekin zioten bigarren zatiari. 53. minutuan, markagailua mustu zuten bisitariek, Olaskoagaren golarekin. Etxarrik gol aukera ederrak izan zituzten bigarren zatian ere, baina ez ziren horren fin ibili aurkariaren atearen aurrean. 72. minutuan sartu zuen Eduk 4-1ekoa, partidako azken gola. Futbol partida kaxkarra jokatu zuten Altsasu eta Arenas Ayegui taldeek. 3 puntuak irabazteko aukera gehiago izan zituzten altsasuarrek. Lehen nahiz bigarren zatian, behin eta berriz iritsi ziren aurkarien atera, baina punteriak huts egiten ez zuenean, aurkarien atezainarekin egin zuten topo. 0nako berdinketarekin despeditu zuten partidua Dantzalekun. 3. multzoko lider postuari eusten dio Gazte Berriak taldeak., 21 punturekin. Etxarri Aranatz 3. da, 15 punturekin, eta Altsasu 6.a, 12 punturekin. Jardunaldi zaila dute talde sakandarrek datorren asteburuan. Etxarriko taldeak Infanzones taldearen zelaia bisitatuko du igandean, 19 punturekin sailkapen nagusiko 2.arena. Altsasuk, berriz, liderra bisitatuko du larunbatean, Gazte Berriak taldea.