Lau ikasletik bat ikastetxetik euskaldundu gabe aterako da

Guaixe 2008ko azaroaren 10a

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ikasturte honetako matrikulazioaren datuak jaso eta aztertu ditu. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 2.756 ikasle daude Sakanan. Haietatik % 76k D ereduan egiten ditu ikasketak. % 3 B ereduan dabil eta % 21 A ereduan. Sakanako Mankomunitateak jasotako datuen arabera, batxilergoko 163 ikasleetatik 125 ari dira euskarazko ikasketak egiten eta gainontzeko 38 A ereduan. Lanbide Heziketa ikasketak euskararendako zulo beltza izaten jarraitzen dute. Ikasturte honetan matrikulatutako 68 ikasleak G ereduan ari dira ikasten, gaztelania hutsean. EhunekoakEuskara Zerbitzuak jasotako datuen arabera, Sakanan derrigorrezko hezkuntzan dauden ikasleen %76 D ereduan ari dira ikasten, %2,8 B ereduan eta %23,2 A ereduan. Mankomunitatetik azpimarratu dutenez, "Adierazgarria da A ereduaren jaitsiera: joan zen ikasturtetik 1,5 puntu egin du behera, B ereduari mesede eginez". Batxilergoan D eredua iazko datuetan mantentzen da, %76,7a.Gauzak horrela, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzutik adierazi dute D ereduaren bilakaera "baikorra" dela, "ikasturtez ikasturte, apurka bada ere, goruntz egiten baitu. Hala ere, ez da ikusten A eredua desagertzeko joerarik. Ondorioz, azken urteotan bezala, Sakanako ikasleen % 25 inguru ikastetxetik euskaldundu-alfabetatu gabe aterako da".