Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bagdad. Bagdadeko bi aurpegi: bi istorio, bi estiloz kontatzeko, bi garai kontrajartzeko, bi protagonista lekukotasuna emateko. Gaur egungo gerraren menpean dagoen Iraken eta antzinako Pertsian girotutako nobela hunkigarria.Narratzaile orojakile batek Erdi Aroko Pertsiako Ali Khajjamen, Omar Kahajjam benetako poeta, matematikaria, astrologoa, musikaria eta filosofoa, beti eta nonahi aholku zuzenak eman eta kontsolamendu espirituala zabaldu zuena nonahi, baita kargurik handienetan egon zen garaian ere, inolako armarik sekula eskuetan hartu gabe ordezkatzen duen pertsonaiaren bizitza kontatzen digu garaiko kulturaz eta Omar ben Saadi kalifaren handitasunaz blaiturik. Mila gau eta bat gehiagoko Bagdad. Sufien, egiaren bilatzaileen, pentsamendua eta emakumezkoaren inguruko hausnarketa bitxia herri musulmanetan:"Emakumeak bizia sortzen du Lurrean, eta horrek gizona baino gorago ipintzen du, Omar. Gizonak emakumea gutxiesten duen bitartean, ez da izango maitasunik ez orekarik gizakien artean. Justiziazko mundu bat sortzeko, emakumea parez pare tratatu beharra dago, eta are gurtu, hari esker bizi baikara Lurrean, hark ezagutzen baitu inork ez bezala gizakiaren bihotza, bere sabeletik sortua du eta. Omar adiskidea: zure erresuman emakumeen berdintasuna lortzen baldin bada, Urrezko Aro berri bat ezagutuko dugu, eta gure gorabeherak bortxakeriarik gabe konpontzen ikasiko dugu gizakiok.... Emakumeak ez du zertan gizonaren mende bizi, baizik eta biek maila berean partekatu behar dituzuela bizitzako gertaerak eta etorkizuna"Narratzaile pertsonaia den Jasmina gazteak gaur egungo Irak suntsituan, amerikarrek eta aliatuek txikituriko Bagdaden bere historia latza, bizimodu krudela kontatuko digu. Jasmina, familia, Ali anaia, kaleko tiroketa eta lehergailuen eztanden eszenatokian. Giza sufrimenduaren muga, era guztietako bortxakeriak. Samina eta inpotentzia. Zenbat galdu duen Gizatasunak! Sinesgarritasun osoko istorioa. Krudelkeriaren eta gerraren aurkako liburua da hau, egiaren eta poesiaren aldekoa, gizakiaren maitasunaren gorazarrea.Gure gazteekin nekerik gabe egin dezakegun irakurketa, hizkera aberatsa bezain arinekoa baita. Merezi duen gaia jorratzen duen Gazte Literaturako eleberria."Qué barbaridad, Bagdad" (Mikel Laboa) Izaskun Etxeberria