Udalak euskararendako aurrekontuak murriztearen kontra azaldu dira

Guaixe 2008ko azaroaren 12a

Sakanako 15 udalek Nafarroako beste 15 udalekin batera, Hezkuntza Departamentuari eta Euskarabideari zuzendutako gutunak izenpetu dituzte. Bi eskaera zehatz jasotzen dira idatzi horietan. Batetik, "2008ko Aurrekontuen Legean onetsi bezala, euskara erabiltzen duten hedabideentzako diru-laguntzen deialdia aurten egin, eta agindutako 310.000 euroak euskarazko hedabideen artean bana ditzala". Eta, bestetik, "euskararendako eman ditzatela, Nafarroako berezko hizkuntza gisa, behar eta merezi dituen sostengu eta laguntzak, murrizketarik gabe, 2009ko aurrekontuetan ere".Udalen ekimen horren berri emateko asteartean makina bat udal ordezkarik prentsaurrekoa eman zuten. Haien artean hainbat hautetsi sakandar zeuden. Udal ordezkariek adierazi zuten "kezka handiz" hartu zituztela "alde batetik, Nafarroako Gobernuak 2008. urteko euskararentzako kontu-sail batzuk blokeatu izana, bereziki komunikabideetan euskara sustatzeko diru-laguntzen deialdiari dagokiona; eta, bestetik, 2009. urterako Euskarabideko aurrekontuetan  iragarri diren murrizketak". Nabarmendu zutenez gobernuak euskararendako bideratzen duen diru kopurua duela 16 urteko bera da, 4 milioi euro. Esan zutenez "Euskarabidea sortzearekin batera beheranzko joera hori aldatuko zela uste genuen", baina blokeoak (%17) eta iragarpenek ez dutela horrelakorik aurreikusten nabarmendu zuten. Tokiko administrazioakEuskararentzako aurrekontua murrizteko erabakia gauzatuko balitz udal eta mankomunitateak "hizkuntza-plangintzak ahulduko dira, eta oro har Nafarroako hizkuntza politika, berez eskasa dena euskararentzat, hutsaren hurrengo bihurtuko da". Hala adierazi zuten agerraldian izan ziren udaletako ordezkariek. Bestalde, nabarmendu zuten "Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetako hutsuneak nekez bete ahalko ditugu udalen baliabide-ekonomiko mugatuekin; bestetik, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikaren okerrak nekez zuzendu ahalko ditugu gurea bezalako udal batek duen ahalmen mugatuarekin". HedabideakHautetsiek azaldu zutenez, "egoera honek oso kinka larrian uzten ditu gure eskualdetako hedabideak". Aitortu zutenez, "hedabide horiekin batera gure udalak ere kaltetuak izanen dira, gure ibarrak sozialki trinkotzeko tresna ezin hobea izateaz gain, hedabide horien lana funtsezkoa baita gure udalerrietako euskararen normalizazioan". Aldi berean, udal ordezkariek nabarmendu zuten "Diru-laguntzarik ez emateko erabakia gauzatuz gero, hedabide horien baliabideak murriztuko dira, batzuk desagertze bidean aurkituko dira, berez estua den langileen lan-egoera kolokan egonen da, eta gizarteari ematen dioten zerbitzua emateko ahalmena galduko dute neurri berean". Horretaz gain Euskararen Legea bera urratuko litzatekeela ere azpimarratu zuten.