Ibarrean bertso zaletasunaren oinarriak jartzen

Guaixe 2008ko azaroaren 12a

Asteartean berritu zuten Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak lankidetza hitzarmena. Agiri horretan jasotako jardueren bidez heldu den urtean Sakanan bertsolaritza sustatu nahi da. Sinadura ekitaldian mankomunitateko Euskara Zerbitzuko buru Jonjo Agirre eta zerbitzuko teknikari Maider Goñi izan ziren batetik eta, bestetik, Josema Leitza. Bi aldeek sinatutako hitzarmenean jasotzen denez, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Sakanan lau jarduera garatuko ditu: bertsolaritza eskolan egitasmoa; Joxe Iriarte Bertso paper lehiaketaren antolaketan parte hartzea; herriz herri bertso eskolak sustatzeko lana egitea eta, azkenik, bertso eskoletako kideekin eta Bertsolaritza eskolan egitasmoko parte-hartzaileekin ikasturte akaberako jaialdia antolatzea. Bertsolaritza eskolanMende laurden bete du aurten Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta hasieratik izan du buruan transmisioa. Hezkuntza Departamentuaren eta tokiko administrazioen laguntzarekin finantzatzen da programa, gure ibarrari dagokionez mankomunitatearen bidez. Sakanari dagokionez, Irurtzungo, Lakuntzako, Etxarri Aranazko ikastetxe publikoetan talde bana dago eta Altsasukoan bi. Iturmendi edota Urdiain moduko ikastetxe txikietan bi urtez behin hartzen dituzte bertsolaritza eskolak.Programa horren bidez Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailako ikasleek bertsolaritzarekiko lehen hurbilpena egiten dute. Horretarako, ikasturtean zehar 30 orduko ikastaroa ematen zaie, normalean astean ordubete, betiere klase ordutegian. Josemak azaldu duenez programak "bertsoa ezagutzeko adina ematen du. Gainera haurrek euskara ikastetxetik kanpoko zerbaitekin lotzeko modua ere eskaintzen du". Antza, ikastetxeak gustura daude eta bertsolaritza ordu gehiago eskatu dizkiote gobernuari.Bertso eskolak Gaur egun martxan daude Arbizun eta Etxarri Aranatzen. Aurki Altsasun eskola sortzeko ahalegina eginen dute. Josema Leitzak azaldu zuenez, ibarreko "gainontzeko herrietan ikastaro laburrak eskaini nahi ditugu eta gero segitu nahi duen talderik balego aurrera eginen genuke". Ikastetxeetako eta bertso eskoletako lana osatzeko ekintza osagarriak ere antolatuko ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak, esaterako: topaketak, bertso saio bat ikastetxeetan, ikasitako doinuekin egindako kantaldia, irrati saioa Beleixe irratian...  Josema Leitzak azaldu duenez, bertsozale elkartean "administrazioekin eta tokian tokiko kultur eragileekin elkarlana bideratzen saiatzen gara bertsozaletasuna sustatzeko".