Mankomunitatearendako Europako Bikaintasunaren zigilua 400+

Guaixe 2008ko azaroaren 13a

Astelehenean Nafarroako Kalitaterako Fundazioak hainbat erakunde eta enpresaren "kalitatearen aldeko ahalegina" saritu zuen eta zigiluak eta ziurtagiriak banatu zituen. Europako Bikaintasunaren zigilua 400+ jaso zuen Sakanako Mankomunitateak. EFQM Ereduari jarraikiz, kanpoko talde batek egindako ebaluazioan 400 puntu baino gehiago lortu ditu ibarreko erakundeak eta zigiluak hori egiaztatzen du. Sakanako Mankomunitatetik adierazi dutenez, "zigilua eman izanak bezeroei eskaintzen dizkiegun zerbitzuen kalitatea hobetzeko egunero egiten dugun ahalegina balioestea dakar berarekin". Zerbitzuen kalitatea hobetzen jarraitzeko asmoa ere azaldu du Mankomunitateak. Sakanako Mankomunitatearen egiten jakitea Nafarroako Kalitaterako Fundazioak saritzen duen bigarren aldia da. 2005. urtean Brontzezko Zigilua—egun Bikaintasunerako Konpromisoa izenaz ezagutzen dena—eman baitzion. Nolanahi ere, Mankomunitateak etengabeko hobekuntzaren aldeko apustu nabarmena egin du eta horren barruan kokatu beharra dago aurten jaso duen saria.Nafarroako Kalitaterako Fundazioak aurten antolatu duen Bikaintasunerako Nafarroako Saria deialdiaren barruan Sakanako Mankomunitateaz gain, Altsasuko bi enpresek ere ISO ziurtagiria jaso zuten Hermanos Sayas Mazquiaran SLk eta Sistemas de Limpieza Langarbi SLk.