Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan abiatuko da Nafarroako Goma Gaineko Soka Tira txapelketa. Gizonezkoak bi pisutan lehiatuko dira, 640 kilotan eta 600 kilotan, baina bertan ez dugu Sakanako ordezkaririk izanen. Emakumezkoak 500 kilotan lehiatuko dira eta bertan Sakana taldea ariko da. Bere arerioak Beti-Gazte, Berriozar, Amaiur eta Txantrea izango dira. Igandean, 11:00etan, Arbizuko kiroldegianHiru jardunalditan jokatuko da txapelketa, liga sistema bidez. Asteburu honetan hasi eta azaroaren 29an despedituko da txapelketa. Igandean, goizeko 11:00etan Arbizuko Kiroldegian emanen zaio hasiera Nafarroako Goma Gaineko Soka-Tira Txapelketari. Lehenik eta behin gizonezkoen 640 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da, eta bertan Amaiur eta Berriozar lehiatuko dira. Ondoren, emakumezkoen txanda helduko da, eta horiek lehen jardunaldia izango dute jokoan. Sakana, Beti-Gazte, Berriozar, Amaiur eta Txantrea taldeen arteko tiraketak izanen dira. Txapelketako bigarren jardunaldia azaroaren 22an jokatuko da, Elizondoko Baztan pilotalekuan, eta hirugarren eta azken jardunaldia azaroaren 29an, Lesakako pilotalekuan. Txapelketa ligan jokatuko denez, talde erregularrena izango da txapelduna. Gogotsu eta finNerea eta Belen Lizarraga ahizpak Sakana taldeko tiralariak izateaz gain taldeko entrenatzaileak dira. Haiekin batera Aitziber, Naiara, Maitane, Oihane, Aiora, Arantza, Nagore, Garazi eta Saioa dira Sakana taldeko tiralariak. Azkena, Saioa, berria da, baina gainontzekoak hainbat urte daramatzate lanean. Irailean hasi ziren entrenatzen, eta oso pozik daude entrenatzaileak. "Irailean hasi ginen eta ongi ari gara entrenatzen. Ikasketa kontuak zirela eta orain arte nahiko gaizki ibiltzen ginen guztiak batera entrenatzeko, ia soilik ostiraletan aritzen ginen. Orain 7-8 entrenatzen aritzen gara astean barna, eta ostiralean denak biltzen gara" dio Nerea Lizarragak. Arbizuko kiroldegian entrenatzen dute. Astelehen, asteazken eta ostiraletan 20:00etatik 22:00etara sokarekin aritzen dira, eta asteartetan entrenamendu fisikoa egiten dute. "Fin ari gara lanean, eta horrela beste animu batekin prestatzen dituzu txapelketak. Gogotsu gaude" gaineratu du Nereak. Entrenatzaileak adierazi duenez, oraindik ez dute erabaki zein talde aurkeztuko duten txapelketara. "500 kilokoan ariko gara, eta pisu hori ez gainditzeko proba ezberdinak egin beharko ditugu; oraindik ez dugu taldea erabaki" dio arbizuarrak. Nolanahi ere, talde ederra plazaratuko du Sakanak. Iaz Nafarroako Goma Gaineko zortziko txapelketa azkenean seikoa izan zen, taldeek arazoak baitzituzten. Irabazleak Sakanako neskak izan ziren. Launako txapelketan, aldiz, Amaiur izan zen txapelduna. Lesakako Beti-Gaztek, Berriozarrek, Amaiurrek eta Txantreak zein talde izango duten ez daki Nerea Lizarragak. Ea maila handiko soka tira txapelketaz gozatzeko aukera dugun eta txapela gurera etortzen den.