Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hezkuntza Departamentuak jakitera eman duenez, bi asteren buruan argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean euskara erabiltzen duten hedabieendako diru-laguntza deialdia. Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan 310.000 euroko diru-saila aurreikusten bazen ere, deialdiaren bidez 240.000 euro banatuko dira, hau da, %22,5 gutxiago. Jakina denez, Nafarroako Gobernuak krisia zela eta aurrekontuetan jasoak zeuden 150 milioi euro "erreserban" utzi zituen. Gastu "murrizketak" eragin gehien izan zuen gobernu saila Euskarabidea izan zen. Murrizketa %17tik gorakoa izan zen, Hezkuntza Departamentuan egindako murrizketen laukoitza. Krisiaren aurrean Nafarroako Gobernuak hartutako neurrien aurrean, hasiera-hasieratik, kezka azaldu genuen Nafarroako euskarazko komunikabideok, "diru-laguntza deialdia kontuan izanik aurreikusi direlako aurtengo aurrekontuak eta laguntzarik jasotzen ez bada askok ateak ixtea beste biderik ez dute izanen". Kezka oraindikEuskara erabiltzen duten komunikabideen kezka aurten diru-laguntzen deialdia eginen dela jakitearekin ez da desagertu. Deialdia nolakoa izanen den aztertu bitartean, sektorean kezkak jarraitzen du. Batetik, aurtengo diru-laguntza deialdirako diru-saila murriztu delako. Eta, bestetik, kezka sortzen die heldu den urterako Nafarroako Gobernuak egiten duen aurreikuspena. Aurrekontuetan aldaketarik ez badago 9.567 euroko diru-saila bideratuko litzateke, soilik, euskara erabiltzen duten komunikabideendako. Hala balitz, euskaraz aritzen diren tokiko komunikabide askoren jarraipena kolokan jarriko luke.