Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erregional taldeko bi talde sakandarrek sailkapen nagusiko lehen bi taldeak izan dituzte aurrez aurre asteburuan. Bi taldeen emaitzetan agerian geratu da jardunaldiaren zailtasuna, biek ere galdu egin baitute. Aurkari zuzenarekin lehiatu zen Etxarri Aranazko taldea Obanosen, sailkapen buruan aurrean zuen Infanzonesen aurka. Partida hastearekin batera, 1. minutuan, bideratu zuten etxekoek partidua, eta 5. minutuan 2 goleko abantaila zuten dagoeneko. 20. minutuan Etxarrikoak aurkariengana gerturatu ziren Goikoetxearen gol ederrari esker. 30. minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren etxekoak. Horrek partida Etxarrikoen alde jarriko zuela zirudienean, behin betiko 3-1ekoa sartu zuten Infanzones taldekoek. Partidu ederra jokatu zuten altsasuarrek liderraren zelaian, Antsoainen. Parez pare ibili ziren bi taldeak lehen zatian. Etxekoak partidan sartu ezinean zeudela baliatuz, markagailuan aurreratu ziren altsasuarrak, Daviden golari esker. Indar berriarekin atera zen zelaira Gazte Berriak taldea bigarren zatian. Agerian utzi zuen zergatik dagoen lider postuan eta jokaldi paregabeekin markagailua irauli eta 4-1 emaitzan utzizuen.Sailkapen nagusiaren gorenean jarraitzen du Gazte Berriak taldeak, 24 punturekin. Etxarriko taldea 5. postura jaitsi da, 15 punturekin. Altsasu 9.a, 12 punturekin. Datorren asteburuan parez pare dituzten taldeekin neurtuko dituzte indarrak sakandarrek. Etxarriko taldeak 16 punturekin 3. postuan dagoen Doneztebe hartuko du etxean. Altsasu, berriz, 13 punturekin 7. postuan dagoen El Cercorekin lehiatuko da Dantzalekun. Etxean jokatzearen abantailaz baliatu beharko dira sakandarrak.