Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igande goizean hasi zen Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, Arbizuko kiroldegian. Emakumezkoak 500 kilotan lehiatu ziren, guztira lau talde: Lesakako Beti Gazte, Amaiur, Txantrea eta Sakana. Sakanako neskak eta Beti Gaztekoak izan ziren finenak, talde bakoitzak 3,5 puntu eskuratu baitzituen. Amaiurrek 2 puntu lortu zituen eta Txantreak bakarra. Sakanako neskek irabazi zituzten Txantreakoen kontrako bi tiraldiak eta baita Amaiurren kontrako biak ere. Beti Gaztekoen kontra, aldiz, lehenengo tiraldian sakandarrak izan ziren onenak eta bigarrenean Beti Gaztekoak. Beti Gaztek ere Txantrea eta Amaiurren kontrako tiraldi guztiak irabazi zituenez, berdinduta daude Beti Gazte eta Sakana. Gustura aritu zirela adierazi du Sakanako sokatira taldeko Nerea Berastegik. "Lehendabiziko jardunaldia zen eta guztiak probari tamaina hartzen aritu ginen, baina gustura. Aurrean egoteko aukerak baditugu eta ea hurrengo jardunaldietan nola gabiltzan" adierazi du Berastegik. Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia larunbatean jokatuko da, azaroaren 22an, Elizondoko Baztan frontoian, 16:30etik aurrera. Txapelketa liga sistema bidez jokatzen ari da, eta hirugarren eta azken jardunaldian erabakiko da, azaroaren 29an, Lesakan.