Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Doneztebeko feriekin batera erabaki zen II. Mailako Nafarroako Aizkora Txapelketa, ostiralean. Ekainaren 28an jokatutako kanporaketan finalean aritzeko txartela lortu zuten bost aizkolari aritu ziren lanean: Ander Erasun (Aurtitz), Luismari Belarra (Doneztebe), Manuel Kañamares (Arostegi), Juanjoxe Erdozia (Etxarri Aranatz) eta David Amillano (Altsasu). Egin beharreko lana: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztea, eta lehenengo aldiz laguntzailearen laguntza izan zuten aizkolariek. 18 urtekoAnder Erasun zen faborito nagusia eta hala erakutsi zuen. Aurtizkoak Euskadiko III. mailako txapela jantzi zuen Altsasuko ferietan, eta ostiralean Nafarroako II. mailako txapela jantzi zuen. Nolanahi ere oso lehia estua izan zen, Manuel Kañamares bigarrenari soilik 24 segundoko aldea atera baitzion. Egia esan oso saio gorabeheratsua izan zen. Lehen kanaerdikoan Erasunek hartu zuen probaren burua eta Amillano altsasuarra izan zen bigarrena. Hirugarren egurra erabakita Belarra jarri zen aurretik, Kañamares bigarren, eta Erasun hirugarren, Erdozia laugarren eta Amillano bosgarren zirela. Hain zuzen ere hirugarren egurrean aizkoraren kirtena hautsi zitzaion Erasuni, segundo batzuk galduz. Baina hortik aurrera Belarrak behera egin zuen eta Erasunek, Kañamaresek eta Erdoziak, aldiz, gora. Bukaeran Erasunek erritmoa handitu zuen, eta proba irabazi (19:23). Haren atzetik sailkatu ziren Manuel Kañamares (19:47), Juanjoxe Erdozia (20:05), Luismari Belarra (21:12) eta David Amillano (21:30). Lehen bi postuak lortuta, Ander Erasun eta Manuel Kañamares Nafarroako Maila Nagusira igo dira. Erdoziak lan aparta egin zuen, hirugarren sailkatuz, eta gutxigatik ez da maila nagusira bueltatu. Amillano ongi hasi zen baina gero behera egin zuen.