Aralar Mendik jarraitzen du lidergoan, baina puntutara berdindua

Guaixe 2008ko azaroaren 18a

Asteburuan Estatuko B mailako zazpigarren jardunaldia jokatu da. Aralar Mendi liderrak sailkapenean bigarrena zen RVC taldearen kontra jokatu zuen etxean, partida zirraragarrian. 4-5 galdu zuten uhartearrek. Nolanahi ere oraindik lidergoari eusten dio Aralar Mendik, 16 punturekin, baina RVC bigarrenak eta San Juan hirugarrenak puntu berberak dauzkate. Bestalde, Irurtzungo Xotak Kirol Sport taldearen kontra jokatu zuen, eta Kirol Sportek 7-3 hartu zuen menpean Xota. Sailkapen orokorrean hamaikagarrena da Irurtzungo taldea, 6 punturekin. Asteburuan zortzigarren jardunaldia dute jokoan. Puntu berberekin sailkapenean hirugarrena den San Juan izanen du aurkari Aralar Mendi liderrak, larunbatean Iruñean. Partida lehiatua eta bizia izango da, lidergoa baitago jokoan. Bestalde, hamaikagarrena den Xotak etxean jokatuko du, Irurtzunen, sailkapenean hamahirugarrena den Viaria taldearen kontra. Bi taldeak puntutara berdinduta daude, eta hortaz, Xotarendako garrantzitsua izanen da irabaztea eta puntuak pilatzea.