Asteburuan erabakiko dira Nafarroako Kluben Arteko Txapelketako finalerdietarako txartelak

Guaixe 2008ko azaroaren 19a

Esku eta erremintako Nafarroako Kluben arteko txapelketak gero eta gertuago du amaiera. Asteburu honetan despedituko dute ligaxka eta bertan erabakiko da zein talde pasatzen diren finalerdietara. Irurtzungoek aurrera egiteko aukerak dituzte eskuz banaka nahiz binaka, baina horretarako ezin dute huts egin asteburuan. Eskuz banakakoan, A taldean, Uhartek eta Oberenak dagoeneko ziurtatua dute finalerdietarako txartela. B taldean Paz de Ziganda da txartela ziurtatua duena. Irurtzun B taldeak ere hurrengo fasera pasatzeko aukerak dauzka, baina horretarako datorren asteburuan mendean hartu beharko du Gure Txokoa edo galtzekotan, gutxienez hamabi tanto egin beharko dizkio. Eskuz binakakoan erabakitzeke dago dena. A taldean Zugarralde A eta Uharte daude lehen eta bigarren postuan, baina datorren asteburuan elkarren aurka ariko direnez, bietako bakarrak lortu ahal izanen ditu garaipenaren puntuak. Horrek aurrera egiteko aukera emanen die Oberena A eta Irurtzun A taldeei. B taldean finalerdietarako txartela du Gure Txokoak. Paz de Zigandak ere eskura du txartela, baina datorren astean galduko balu, atea irekiko lioke Irurtzun B taldeari.