Ikaspilotarekin 75 gazte pilotaz gozatzen

Guaixe 2008ko azaroaren 20a

Altsasuko Burunda pilotalekuak astegun goiz batean izan ohi ez duen irudia zuen asteazken goizean. 12 urteko 75 gaztek leporaino betetzen zuten kantxa. Irurtzungo Atakondoa ikastetxe publikoko eta Etxarri Aranazko Andra Mari eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastoletako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak ziren. Ikaspilota topaketak bildu zituen Altsasuko pilotalekuan. Ikasturte hasieran pilotaren inguruan garatutako hezkuntza proiektuaren akabera da topaketa hau. Gazteak pilotalekuan antolatutako lau txokoetatik pasa ziren eta ariketa ezberdinak landu zituzten bakoitzean. Gosari ederrarekin indarrak berritu ondoren, partidak jokatu zituzten, luxuzko epaile Aitor Zubieta eta Oscar Lasaren aurrean. Ikusleek kinielak egin eta sariak jasotzeko aukera izan zuten.Goiz emankorrean, ezusteko bisita jasotzeko beta ere eduki zuten: Argiñe, Nafarroa Oinezeko maskotak gazteekin batera egon nahi izan zuen eta elkarrekin argazkiak ateratzeko parada izan zuten.