Datorren ostegunean agortzen da Sakanako Kirolaririk Onena proposatzeko epea

Guaixe 2008ko azaroaren 21a

Urtero bezala, Sakanako Mankomunitateak urteko kirolaririk onenak sarituko ditu, Kirol Zerbitzuaren bidez. Ekainean ireki zuen mankomunitateak izangaiak proposatzeko epea eta datorren astean, azaroaren 27an, eguerdiko 12:00etan agortuko da. Ez dira gutxi Sakanako Mankomunitateak emanen dituen sari eta aipamenak. Sakanako Kirolari Onenak saritzeko orduan, kategoria hauek izanen dituzte kontuan: 35 urtetik gorako gizonezkoak eta emakumeak, 18 urtetik gorako gizonak eta emakumeak, 18 urtetik beherako gizon eta emakumeak, talderik onena eta euskara gehien bultzatu duen taldea. Kirol elkarteek, ikastetxeek edo norbanakoek egin ditzakete proposamenak, baita Sakanako Kirolari Onena hautatzeko eratuko den batzordeak ere. www.sakana-mank.com web orrian denon eskura dago hautagaiak proposatzeko fitxa. Irurtzungo kultur etxean, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan eta Altsasuko Kirol Zerbitzuan jasoko dira izangaiak. Proposamenarekin batera, hautagaien curriculuma gaineratu beharko da. Deialdiaren inguruko berri gehiago nahi duenak Kirol Zerbitzura jo dezake, kirolak@sakana-mank.com helbidera edo 948 464 866 telefonora.