Ezker abertzaleko zinegotziek adierazi zutenez Europako zuzentaraua "atzerapauso ikaragarria" dela "urteetan aurrera eramandako borrokaren ondorioz langileriak lortutako eskubideetan". Eta gehitu zuten neurri horrek "lan prekarietatea eta merkatuaren malgutasuna areagotuko duela". Horregatik, "langileriaren behar eta interesen kontrako neurritzat" jo zuten eta nabarmendu zuten "patronalaren eta kapitalaren interesetara zuzendutako neurria" zela. Sakanako ezker abertzaleko zinegotziek egungo krisi egoeraren arduradun "PSOE, UPN eta PNVren politika ultra-neo-liberala" egin zituzten, "finantza entitateak eta kapitala saritzera bideratutako neurriak planteatzen" ari direlako. Ezker abertzaleko zinegotziendako krisiaren irtenbidea "egungo sistema ekonomikoa gainditu eta bidezkoagoa eta solidarioagoa den bat" ezartzean datza. Udaletan aurkeztutako mozioa bide horretan "lehen pausoa" izan nahi duela azaldu zuten. MozioaZazpi puntu ditu udaletan ezker abertzaleak aurkeztutako agiriak. Udala zuzentarauaren aurka agertzea eskatzen du lehenik, eta 35 orduko lan astearen alde agertzen da. Langileriaren lan baldintzak "duintzen joan behar direla" eskatzea ere proposatzen du mozioak. Lan munduko "prekarietatearen" salaketa eskatzearekin batera, zuzentarauko neurriak udalak ez aplikatzea eskatzen du. Eta, azkenik, zuzentarauaren kontra deituko diren mobilizazioetara udalak herritarrak deitzea proposatzen du mozioak.