Musika Bandarako Nazioarteko I. Konposizio Lehiaketa deitu du Haize Berriak-ek

Guaixe 2008ko azaroaren 21a

Sakanako Musika Elkarteak gaur goizean aurkeztu du deitu duen Haize Berriak, Musika Bandarako Nazioarteko I. Konposizio Lehiaketa. Sortzaile sarituak, 8.000 euro eskuratzeaz gain, bere partitura, musika bihurtuta, heldu den urteko Altsasuko eguberrietako kontzertuan entzuteko aukera izanen du. Diskoan ere jasoa geldituko da. Gainera, saritutako partitura banden artean dohainik banatuko du Haize Berriak Sakanako Musika Elkarteak. AurkezpenaGaurko aurkezpenean Haize Berriak bandako kideez gain egitasmoa aurrera ateratzen lagundu duten erakundeetako ordezkariak izanen dira: Altsasuko alkate Unai Hualde Iglesias; Nafarroako Kutxa Fundazioko Javier Erkiaga; musika bandako zuzendari Luis Orduña Ridruejo; lehiaketako koordinatzaile Jasone Etxebeste eta Haize Berriak Musika Elkarteko bozeramaile Juan Lopez de Sabando. Haize Berriak, Sakanako Musika Elkartetik azaldu digutenez, bi urte daramatzate "orain arteko egitasmo handiena" lantzen. "Orain arte jarritako helburuak bete egin dira, ez denak era berean, baina bai egoki eta gure buruari eskaera maila handituz, lan zama eta antolaketa ahalegin handiagoa eskatuz". Sakanako Musika Elkarteak bere buruari jarritako helburuen artean dago bandarako musika sormena sustatzea. Elkartetik azaldu digutenez, "bandarako musika sormenak bere historiako unerik onenean dago. Nazioarteko lehiaketa egitasmo honekin sormen arlo horretan gure ekarpena egin nahi dugu". Ideia luzez ontzen egon dira elkartean eta "hasieran aurreikusitakoa baino anbizio handiagoa" behar zela konturatu dira. Izan ere, Altsasuko Udalari hasiera batean aurkeztutako aurrekontua, 6.000 euro, nabarmen hazi da eta horrek diru-iturri pribatuetara finantziazio bila joatea eskatu die. HelburuakHaize Berriak musika elkarte sakandarrak lehiaketa horren antolaketarekin bi helburu bete nahi ditu. Alde batetik, banden musika eta kultura ondarea sustatu eta aberastea. Horrekin batera, musikaren arlo horretako konposatzaileen sormenerako akuilu izatea, bide batez, musika bandendako errepertorio idatzia zabalduz. Zeharka, jakina, Haize Berriak musika banda ezagutzera emanen da, baita Sakana bera ere. Deialdia baliatuz elkarteak bere web orria berritu du. Konposizioa sustatuzEz da aurreneko aldia Haize Berriak, Sakanako Musika Elkarteak konposizio lana sustatzen duena. Bandako kide zen Esther Irisarri Garasaren omenez Joseph Vicent Egea musikagileak Variaciones Agur Jaunak, Esther Irisarri in memoriam lana sortu zuen. Ondoren etorri dira Jorge Senosiainek Altsasuko peñen musikarekin egindako moldaketak, Olatzagutiako Udalaren enkarguz eta Jose Luis Ollo omentzeko maiatzean mustu zen Olatzagutiako xuxurlak.Nazioarteko lehiaketak ekarriko duenaz gain, Haize Berriak-ek sormen lan gehiago ditu mustutzeko. Esaterako, Juantxo Arraiza konposatzaileak eginen duen Altsasuko zortzikoaren moldaketa, edota Emakume Langilearen Egunaren inguruan mustuko dutena, emakume batek konposatua izanen dena. Haize Berriak, Sakanako Musika Elkartetik aurreratu digutenez, Musika Bandarako Nazioarteko Konposizio Lehiaketak jarraipena izateko ideiarekin sortu da. Musika elkarteko kideek aitortu dutenez halako lehiaketa baten antolaketak "zailtasunak" dauzka, horregatik deialdia, bi, hiru edota lau urterokoa izanen da. Oraindik ere maiztasuna zehazteko dute, baina "giltza lehen edizio on bat egitean dagoela" uste dute elkartekoek. Oinarriak Haize Berriak Sakanako Musika Elkarteak deitutako lehiaketara aurkeztu nahi duten konposatzaileek heldu den urteko garilaren 31ra arteko epea dute lanak aurkezteko. Lanen estetika eta teknika libreak izanen dira, bakarlari gabekoak, erdi-mailako zailtasuna izan beharko dute, 10 minutuko iraupena gutxienez eta 15 minutukoa gehienez. 2009ko irailren 15a baino lehen emanen du erabakiaren berri epaimahaiak. Musika konposizio arloan nazioartean ospea duten per-tsonek osatuko dute epaimahaia.