Mariano Izeta bertso sariketako kanporaketa gaur Arbizun

Guaixe 2008ko azaroaren 21a

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztandarren Biltzarrak antolatuta, Mariano Izeta sariketaren hirugarren edizioa martxan da. Nafarroako bertsolari gazteei kantatzeko aukera emateko helburuz antolatutako txapelketa da. Bi kanporaketetan banatuta 16 bertsolari ari dira. Gaur Arbizuko Argibidea elkarteak, 22:00etan, Mariano Izeta sariketako bigarren kanporaketa hartuko du. Kantuan ariko diren bertsolariak Iker Iriarte, Aimar Karrika, Aritz Saragueta, Alazne Untxalo, Ekaitz Astiz eta Diego Riaño dira. Haiekin batera, eta zortzikotea osatzeko Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza bertsolari sakandarrak ariko dira. Gainera, azken horrek duela bi urte lortutako txapelaren defentsa egin beharko du, bertso sariketa hori bi urtero jokatzen baita, Xalto sariketarekin tartekatuz. Egin beharrekoaArgibidea elkartera hurbiltzen direnak bertsolariak honako lana egiten entzunen dituzte: binaka, gaia emanda bina bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian eta bakarka, hitza emanda bertso bana. Kanporaketa bakoitzeko lehenak finalerako txartela eskuratuko du. Horretaz gain, finalean izanen dira puntu gehien lortzen dituzten lau bertsolariak. Mariano Izeta bertso sariketaren finala hilaren 29an jokatuko da, Elizondon.