Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arerio zuzenen aurka jokatu dute erregional mailako bi talde sakandarrek asteburuan, biek ere etxean. Ez dute zorte bera izan bi taldeek: Etxarriko taldeak mendean hartu du Doneztebe; Altsasu, berriz, ez da El Cerco irabazteko gai izan. Sailkapen nagusiko goiko postuetan dauden bi talderen arteko lehia hartu zuen Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaiak, etxeko taldea eta Donezteberen artekoa. Agerian geratu zen hori partidan eta, eguraldiak lagundu ez arren, partidu onarekin gozatu ahal izan zuten Etxarriko futbolzaleek. Morenok bi aldiz aurreratu zuen bere taldea, baina Doneztebek berdindu egin zuen bi alditan. Garaipenaren bila jarraitu zuten Etxarrikoek. Partidaren amaieran jaso zuten lanaren fruitua: 66. minutuan, 3-2koa sartu zuen Barandallak eta 85.ean behin betiko 4-2koa. Ez zen giro larunbatean Altsasun, eguraldia makal eta zelaian futbolik ez. Bisitarien atezainaren hutsa aprobetxatuta, Rubenek 1-0 igo zuen markagailura. 20. minutuan berdindu egin zuten bisitariek. Atsedenalditik bueltan 3 puntuen bila zelairatu ziren Altsasukoak. Baina ez zuten jokaldiak amaitzen asmatu. Partiduko azken 10 minututan irabazi zituen El Cercok 3 puntuak: 82. minutuan sartu zuen 1-2koa eta, 90.ean, penaltiz, 1-3koa. Sailkapen nagusiaren gorenean jarraitzen du Gazte Berriak taldeak, 25 punturekin. Etxarriko taldea 3. postura igo da, 18 punturekin. Altsasu 8.a, 12 punturekin. Datorren larunbatean Etxarriko taldeak 5 punturekin sailkapen nagusiko 13. postuan, azken aurrekoan dagoen Arenas Ayegui taldearen zelaia bisitatuko du. Altsasukoek, berriz, 11 punturekin 10. postuan dagoen Castillo de Tiebasekin neurtuko dituzte indarrak, etxetik kanpo.