Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskaltel-Euskadi taldeak hasiera eman dio aurre-denboraldiari. Taldeko 23 txirrindulariak Derion bilduta daude datorren ostegunera arte 2009ko denboraldia planifikatzeko. Aste honetan konfirmatu dute talde laranja datorren urtean ere UCI Pro Tourrean egonen dela. Irabaztea helburuAstelehenean aurkeztu zituen txirrindulariak talde laranjak. 23 txirrinduarekin aterako da bideberrira Euskaltel-Euskadi eta horietatik 4 sakandarrak dira: Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Jorge Azanza eta Pablo Urtasun. Lehen hirurak beteranoak ditugu taldean, baina urdiaindarrarendako esperientzia berria izanen da datorren urtekoa. Taldeko manager Miguel Madariaga beste urte batzuetan baino handinahiago agertu zen asteleheneko aurkezpenean: "hurrengo denboraldian, lasterketa onak egitea baino, lasterketak irabaztea izanen da helburua". Taldeko zuzendari tekniko eta kirol zuzendari Igor Gonzalez de Galdeanok adierazi zuen honek "UCI Pro Tourreko egutegi gogorragatik etxeko zenbait itzuli alde batera utzi behar izan ditugu. Aurten horiek hartuko ditugu helburu. Euskaltel-Euskadi desberdin bat ikusi behar dugu". Gaineratu zuen hasiera batean Giroa alde batera utziko dutela. Samuel Sanchez izanen da taldeko gizon nagusia. Asturiarrak Tourra utzi eta Euskal Herriko Itzulian, Vueltan eta Munduko Txapelketan jarriko ditu indarrak. Tourrean Mikel Astarloza eta Igor Anton izanen dira taldeko liderrak. Sakandarrek ere duten guztia emanen dute taldeko lider nahiz sprinterrei garaipena eskuratzen laguntzeko, edo, zergatik ez, eurek lortzeko.