Hiru sakandar lehiatuko dira Guillermo Mazoko finalerdietan

Guaixe 2008ko azaroaren 26a

Guillermo Mazo Memorialeko edo Nafarroako Gazte Mailako lau t´erdiko finalerdiak jokatuko dira gaur Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan, arratsaldeko sei t´erditatik aurrera. Finalerdietan lehiatuko diren pilotarien artean hiru dira sakandarrak: Arbizuko Ezkurdia (Aldabide), Etxarrengo Zabaleta (Irurtzun) eta Etxarri Aranazko Ansotegi (Irurtzun). Lehian ariko den laugarrena Leitzako Jaunarena (Aurrera) izanen da. Zehazki esanda Jaunarenaren kontra ariko da Ezkurdia. Txapelketa bikaina egitetik datoz biak, eta nahiz akaso leitzarra faboritoa izan, lan asko egin beharko du primerako lana egiten ari den Ezkurdia arbizuarra menpean hartu nahi badu. Bigarrena sakandarren arteko lehia izanen da, Zabaleta eta Ansotegi elkarren kontra ariko baitira. Biak talde berekoak dira, Zabaleta atzelaria eta Ansotegi aurrelaria, eta normalean ohiko bikoa osatzen dute. Kasu honetan elkarren kontra lehiatuko dira eta ikusi beharko da nor moldatzen den hobe kaiolan. Iaz Jaunarenak eta Ansotegik jokatu zuten finala eta ikusi beharko da aurten hori bera gertatzen den edo aldaketak dauden. Final handia San Frantzisko egunean jokatuko da, abenduaren 3an, asteazkenean, Iruñeko Labriten. Ea sakandarren arteko lehia izaten dugun, baina horretarako gaurkoan primerako lana egin beharko dute gure ordezkariek.