Nafarroako Gobernuak kirol ez lehiakorra bultzatuko du ikastetxeetan

Guaixe 2008ko azaroaren 26a

Nafarroako Gobernuak ikastetxeetan kirola lantzeko proiektu pilotua aurkeztu zuen asteartean. Gizarte Gai, Familia, Gazteria eta Kiroletako kontseilari Maria Isabel Garcia Malok eta Nafarroako Kirol Institutuko kudeatzaile Jose Javier Esparzak eman zuten ekimenaren berri. Proiektu berritzaile honek lehiakortasuna alde batera utzi eta kirolaren balore ludiko edo jostagarrian jarriko du indarra. Ekimena orain arteko programen osagarri izanen da, Nafarroako Kirol Jolasen eta Ikastetxeetako Kirol Kanpainena, hain zuzen. Proiektuaren jatorriaNafarroako Kirol Jolasen eta Ikastetxeetako Kirol Kanpainari esker, Nafarroako gaztetxoek kirola lantzeko aukera zabala eduki dute orain arte. Baina iaz, Kirolaren Nafarroako Kongresuan, indarrean zeuden programek kirol eredu tradizionala jarraitzen zutela ondorioztatu zen: "errendimendu maximoa helburu duen eredu horretan onenek bakarrik jarraitu dute kirola praktikatzen" adierazi zuen Jose Javier Esparzak. Hori ikusita programa berria sortzea erabaki zuen gobernuak. Proiektu pilotuak kirola ikasleen aisialdian sartzea du helburu, jarduera fisikoa ikaslearen bizian sartzea, jolasa bailitzan. Ohitura osasuntsuak lantzearekin batera, kiroltasun baloreak ere landu nahi dira: elkartasuna, errespetua, tolerantzia, talde-lana...Zenbait kirol landu ahal izanen dira: Triatloia, beisbola, irristaketa, gorputz adierazpena, hip-hopa, funkya, dantza latindarrak, balleta, esgrima.Nafarroako 9 ikastetxetan mustuko da proiektu pilotua. Horien artean daude Etxarri Aranazko, Iturmendiko eta Urdiaingo ikastetxe publikoak. 36.000 € bideratu ditu gobernuak egitasmorako, 4.000 € ikastetxe bakoitzarendako.